Kataluniako "epai bidegabeari" erantzunez, manifestu bat sinatu dute Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalek

Pilar Kaltzada, Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalek sinatutako manifestua irakurtzen. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaia jakinarazi zuen joan den astelehenean, eta, ordutik, etengabekoak izan dira herritarren salaketa eta elkartasun keinuak. Euskal Herrian ere herri eta hiri ugaritan egin dituzte mobilizazioak, eta datozen egunetarako gehiago iragarri dituzte. Gaur, Kursaalean, agerraldia egin dute Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariek, eta alor anitzetako zenbait pertsona esanguratsuk, “Proces-aren aurkako epai bidegabeari erantzunez” sinatu duten manifestua aurkezteko.
Gure Esku plataformak bultzatuta, Askatasuna. Konponbide politikoaren alde manifestua plazaratu dute, eta “preso guztien askatasuna” aldarrikatu dute. “Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Saanchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Rauul Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn, aske nahi zaituztegu”, adierazi dute Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak eta Pilar Kaltzadak, manifestua irakurri duten bi pertsonek. Halaber, larunbaterako plataformak deitu duen manifestaziorako deia egin dute, “injustizien aurrean herritarren mobilizazioan sinesten dutelako”. Hain zuzen, hilaren 19an manifestazio nazionala izango da Donostian, 17:30ean, Antiguatik abiatuta, Erreferenduma ez da delitua lelopean.
EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdiek bat egin dute manifestuarekin, baita ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek eta Demokrazia Bai plataformak eta Erabakizaleak abokatuen elkarteak ere. Gainera, han izan dira kultura arloko hainbat pertsona ezagun ere, besteak beste, Antton Telleria, Danele Sarriugarte, Xabier Euzkitze eta Garbiñe Ubeda. Era berean, Gure Eskuk jakinarazi du atxikimendua adierazi dutela beste hainbat pertsonak ere: Juan Jose Ibarretxe, Bernardo Atxaga, Asier Illarramendi, Jule Goikoetxea, Paul Rios, Iker Irribarria, Fermin Muguruza, Irantzu Varela, Juantxo Arakama, Miren Amuriza, Alex Sardui, Pello Reparaz eta Zuriñe Hidalgo.
‘Askatasuna. Konponbide politikoaren alde’
Plazaratutako manifestuan “desadostasun osoa” adierazi diote Kataluniako buruzagi sozial eta politikoak zigortzen dituen epaiari, eta “bidegabekeria itzeltzat” jo dute. Amalur Alvarezek adierazitakoaren arabera, epaiak “ondorio larriak” dakartza oinarrizko eskubide eta askatasunentzat. Gainera, epaiaren atzean egon den prozesu judiziala bera kritikatu dute: “Ez da justua izan, arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira”. “Salbuespenezko” bide judizial, juridiko edo prozesalak alde batera uzteko eskatu dute, auzia bideratzeko, elkarrizketa eta negoziazio politikoari ekiteko beharra nabarmendu dute.
Zigorraren atzean kriminalizazio estrategia bat dagoela salatu dute, eta aldarrikatu dute demokrazian ezin direla kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Honela azaldu dute euren kezka: “Kezkaz antzematen ditugu manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen kriminalizazio zantzuak”. Gaineratu dute demokrazian bozkatzea konponbidearen parte izan behar dela, eta ez delitu bat.
Azkenik, mobilizatzeko deia zabaldu dute, “aukera ideologikoetatik harago”, egoeraren larritasunak demokrazia, justizia eta askatasunak maite dituzten guztiak interpelatzen dituela argudiatuta. Hortaz, sinatzaileek babesa adierazi diote Gure Eskuk hilaren 19rako deitu duen manifestazioari.