Kirol jardueretarako orientazio zerbitzua hiriko auzo guztietara zabaldu dute
Pertsona sedentarioen bizitza eta osasuna hobetzeko helburuarekin jarri zuen abian Donostia Kirolak 2017an PIZTU! programa, eta, udalaren arabera, emaitza onak izan ditu geroztik. Pertsona horientzako jarduera fisikoko preskripzio, orientazio eta aholkularitza zerbitzuak ematen ditu programak, pertsona sedentarioengan kirol ohiturak sortzeko. Hiriko osasun zentroetako medikuak dira pazienteei kirola egiteko gomendioa egiten dietenak –kirol errezeta–, eta kiroldegietan eta osasun zentroetan (ordu batzuetan) egoten diren orientatzaileengana bideratzen dituzte.
Programa hiriko auzo desberdinetara zabaltzen joan da 2017tik hona, eta Loiolara, Altzara, Parte Zaharrera eta Bidebietara iritsi da aurten; horrela, programa Donostiako auzo guztietan dago erabilgarri. 500 pertsona inguruk jaso dute orain arte kirol errezeta hori, eta erabiltzaileen %60ak kirol ohitura mantendu du. 500 pertsona horien hiru laurden 50 urtetik gorakoak dira, eta %62 emakumeak dira. Patologia ohikoenei dagokienez, obesitatea (%30), hipertentsioa (%28), diabetesa (%15) eta artrosia (%15) dira.
Patologia bera duten pertsonen osasun taldeak sortzen dituzte programaren barruan, eta, horrela, hobekuntzak lortzen dituzte pazienteek. Programan berriak diren pertsonentzat hastapeneko osasun taldeak sortuko dituzte orain, eta talde horiek zortzin saioko doako ikastaro bat egingo dute, urtean zehar beste osasun taldeetan hobeto integratzeko.