"Dantza klaseetatik kalera atera nahi izan dut beti"
Bizitza erdia eman du Ana Minguezek jazz eta swing erritmora lindy hopa dantzatzen. Donosti Lindy Hop elkartea sortu zuen 2015ean, eta oso ohikoa da Jazzaldiko ikusleen artean dantzan topatzea.
Zergatik aukeratu duzu Oquendo taberna?
Ez zegoelako besterik libre! [barreak]. Ez, benetan, nahiz eta beste batzuk aukeratu nituen lehenago, hau gustatzen zait, urteak berdin daramatzalako. Erdialdetik hurbil dagoenez, batzuetan lagunekin etortzen naiz, eta xarma duela iruditzen zait. Leku zaharrak eta kafe paristarrak gustuko ditut, baina hemen ia denak desagertu egin dira. Horregatik gustuko dut hau, oraindik estiloa mantentzen duelako. Bestalde, oso fantasiatsua naiz, eta horregatik ere gustatzen zait [paretan dauden aktoreen argazkiak seinalatuz].
Taberna honen aurretik Art Cafe, Eiger eta Teorema tabernak aipatu zenituen. Nondik ibiltzen zara?
Azkenaldian ez naiz asko ateratzen, dantzaldietara soilik ateratzen naiz. Baina ateratzen naizenean Grosen ibiltzen naiz gehienbat, Teorema eta Cohete tabernetan.
Lasarten bizi zara, ezta?
Donostian jaioa naiz, baina beti Lasarten bizi izan naiz. Hala ere, ateratzen naizenean Donostiara etortzen naiz beti, ez naiz Lasarten asko ibiltzen. Gainera, etortzen naizenean itsasoa ikusi beharra daukat, bestela zerbait falta zait.
Nola ikusten duzu Donostia?
Jende asko dago, gero eta turistikoagoa da. Astean zehar etortzea gehiago gustatzen zait, lasaiago egoten delako. Baina beldurra ematen dit urte batzuetan Pisa [Italia] bezala jartzea, dena turismoari begira izatea, alegia.
Lindy hop dantza estiloan aitzindaria zara Euskal Herrian. Nola hasi zinen dantzatzen?
Duela urte asko ezagutu nuen Parisen, eta asko gustatu zitzaidan. Donostiara itzuli nintzenean, ordea, ez nuen halakorik topatzen. Interneten bilatzen hasi nintzen, eta Amerikako Estatu Batuetatik bideo zinta batzuk ekartzeko eskatu nuen. Iritsi zirenean, hemengo formatura bihurtu behar izan nituen, eta horrekin nire kabuz ikasten hasi nintzen.
1999ko Jazzaldian, ordea, Tuxedo Big Band taldeak jo zuen, Toulouseko Happy Swingers dantzariekin. Kontzertu hartan, ikusleen artean dantzan ari ziren bost pertsona ikusi nituen. Beraiekin hitz egitera joan nintzen, eta izugarri gustatu zitzaidan egiten zutena. Bartzelonakoak ziren, eta urtebete lehenago sortutako BCN Swing elkartekoak zirela esan zidaten. Hortik aurrera, Bartzelonan eta Toulousen egiten ziren kurtsoetara joaten hasi nintzen.
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Klasikoen artean Whitey’s Lindy Hoppers taldea aipatuko nuke, Harlemgo [New York, AEBak] Savoy areto mitikoan dantzatzen zuen taldea. Asko gustatzen zaizkit, baita ere, Frankie Manning eta Norma Miller dantzariak. Gaur egungoei dagokienez, Harlem Hot Shots talde suediarra oso gustuko dut.
Frankie Manningekin dantzatzeko aukera izan zenuen, ezta?
Lehen aldiz Bartzelonan eman zuen kurtso batean ikusi nuen. Ondoren, Parisko jaialdi batetik deitu zidaten, Frankie joango zela eta nik klase bat ematea nahi zutela esanez. Niretzat opari bat izan zen Frankiek klaseak emango zituen jaialdi berean klaseak ematea. Handik egun batzuetara berriz deitu zidaten, nire klaseak emateaz gain, Frankieren laguntzailea izatea eskainiz. Pentsatu gabe esan nuen baietz, eta oso berezia izan zen niretzat. 2008an izan zen hori, eta 2009an Frankie hil egin zen.
Lindy hop komunitate bat dago Donostian?
Hasi nintzenean ez zegoen ezer, niri gustatzen zitzaidan gauza bat zen. Pare bat talde txikirekin hasi nintzen, eta Patxi Fadrikek eta nik egiten genituen ekitaldiei Donosti Lindy Hop izena jartzen genien, baina era informalean. Duela urte batzuk, ordea, elkarte bat sortu genuen izen horrekin. 90 bazkide inguru gara gaur egun, eta bazkide izan gabe dantzaldietara etortzen den jende asko ere badago. Ni jada ez nago zuzendaritzan, bazkide eta irakasle gisa nago, eta ekitaldietan parte hartzen dut.
Komunitate hori sortzea zen zure helburua?
Ez nuen inoiz helburu gisa planteatu. Niri jazza dantzatzea gustatzen zait, eta nahi nuena zen Donostian, aisialdi gisa, dantza egiteko aukera egotea.
Azaroan Donosti Belle Swing jaialdia egingo duzue.
Bai, laugarren edizioa izango da aurtengoa. Elkartea sortu zenean, Donosti Belle Swing jaialdia egiteko ideia atera zen. Lehenengo urtean antolakuntzan egon nintzen, baina orain elkarteko beste pertsona batzuek daramate. Aurten irakasle gisa egongo naiz dantzari suediar batekin. Jaialdian zuzeneko musika, klaseak eta dantzaldi irekiak egoten dira.
Zer beste jarduera egiten dituzue?
Antiguako merkatu zaharrean, esaterako, dantzaldi ireki bat egiten dugu ia igandero, 12:00etatik 14:00etara. Kalean dantzatzea eta jendeak ikustea garrantzitsua da, izan ere, dantza klaseetatik kalera atera nahi izan dut beti.
Jazzaldian jarduera batzuk egin izan dituzue elkartearekin, ezta?
Txikijazzean egin izan ditugu gauzak, haurrei klase batzuk eman izan dizkiegu, kontzertu didaktikoetan parte hartu dugu, eta abar. Hala ere, Jazzaldiarekin pixka bat desengainatuta nago. Hiri honetan dagoen jazz tradizioarekin, nik nahi nuena zen jazza gustuko duen jende helduak dantza hau ikustea eta ezagutzea. Baina beti oztopoak jarri izan dizkigute, eta ezin izan dugu inoiz Jazzaldiko antolakuntzarekin zuzenean hitz egin elkarrekin zerbait antolatzeko.
Jazza, jatorrian, dantzatzeko egiten zen musika mota bat zen, eta niri garrantzitsua iruditzen zait jazz estilo hori mantentzea. Jazzak bebop estilora eboluzionatu badu ere, ez dago gaizki klasikoak ere ekartzea.
Hala ere, ohikoa izaten da Jazzaldiko kontzertu batzuetan zuek ikusleen artean dantzan ikustea.
Askotan dantzagarria izan daitekeen Big Band batek joko duela ikusten dugu, eta hara joaten gara era inprobisatuan dantzatzera.
Beste jaialdi batzuetatik deitzen dizute klaseak emateko?
Nahiko zentratuta nago hemen klaseak ematen, baina beste jaialdi batzuetatik klaseak emateko deitzen badidate, aprobetxatzen dut eta joaten naiz.
Nabarmenduko zenuke Donostiako dantzariren bat?
Klake estiloak harremana dauka lindy hoparekin, eta Larraitz Ugartemendia oso ona da klakean. Gainera, nire irakaslea izan zen, elkarteko kidea da eta lindy hopa ere dantzatzen du. Maria Peña elkarteko beste irakaslea ere nabarmenduko nuke.
HAMABIETAN BERMUTA: Bermuta eta olibak.
Non. Oquendo taberna. Okendo kalea, 8 (Erdialdea).
Prezioa. 4,60 euro.