Egiako parkeko zuhaitzak tratatzen ari dira
Egiako parkeko zuhaitz batzuk denboraren poderioz hondatzen joan dira, eta horietako batzuk indartzeko neurriak hartu ditu Donostiako Udalak aste honetan. Alde batetik, ahateen parkearen ondoko belardian dagoen Libanoko zedroaren inguruan egurrezko hesi bat jarri dute, zuhaitza inguratzen duen lurra babesteko helburuarekin. Noticias de Gipuzkoa egunkariak azaldu duenez, zonaldean ibiltzen den pertsona kopuru altuak, azken egunetako beroak eta han egiten diren jarduera jendetsuek lurrean eragina izan dute, trinkotu egin baita, oxigenazioa oztopatuz, eta zuhaitzean estresa sortuz. Horregatik, lur hori ureztatu du udalak, materia organikoa botatzearekin batera.
Zedroaz gain, parkeko beheko aldeko belardiko indigaztainondoak ere tratatu dituzte aste honetan. Izan ere, batzuek Armillaria mellea onddoa dutela antzeman dute udaleko adituek, zuhaitzen sendotasuna eta egonkortasuna arriskuan jarri dezakeena. Sustraietara egin dezake eraso onddo horrek, eta, horregatik, inguruko lurra saneatzeko tratamendua abiatu zuten asteartean.