Ekintzak egin ditu Ernaik, Kataluniako gertakarien harira izaten ari den errepresioa salatzeko
Ernai gazte antolakundeko hainbat gazte Donostiako Epaitegiko sarreran eseri dira, Kataluniako gertakarien harira izaten ari den errepresioa salatzeko. Atzo hasitako mobilizazioen jarraipena izan da gaurkoa, izan ere, atzo goizean Altsasuko gazteen eta Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako auzien epaien oinarrian dagoen “espainiar legedi faxista” salatzeko manifestazioa egin zuten gazte eta ikasleek. Gaur, “Epai injustuen aurrean kalean” jarraituko dutela adierazi du Ernaik, eta epaitegian egindako ekintzan hainbat aldarrikapen oihukatu dituzte, hala nola, “Independentzia!”, “Atxilotuak askatu!” eta “Katalunia aurrera!”. Ertzaintzak ekintzaren berri ematen ari ziren kazetariak eta protestan zegoen kide bat identifikatu dituzte.
Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere hainbat ekintza egin ditu gazte antolakundeak, “espainiar injustizia” ordezkatzen duten hainbat gunetan; hain zuzen, La Caixako egoitzen sarrerak oztopatu dituzte. Ernaik jakinarazi duenez, La Caixa banketxearen aurrean egin dute ekintza “kataluniarren aurkako errepresioan jokatzen duen papera” salatzeko, eta epaitegia aukeratu dute 155. artikulua biltzen duen legediaren eta “Auzitegi Gorenaren injustizia bera erreproduzitzen duen” erakundea delako.
Atzo egindako mobilizazioen ildoari jarraitu diote gaur ere, eta honakoa adierazi dute: “Justiziaz mozorrotzen den legedia faxistak bide eman die Altsasuko gazteen zein Proces-aren aurkako epaiei. Gazteok ez dugu hauetako bat bera ere onartzen”. Horregatik, dei egin dute biharko, hilaren 19rako, Gure Eskuk Donostian antolatutako mobilizazioetan parte hartzera; baita datorren larunbatean, hilaren 26an, Altsasuko gazteak askatzeko Iruñean egingo den mobilizaziorako ere.
Atxiloketak
Atzo, Hego Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere egin zituen protestak Ernaik, besteak beste, Gasteizen, Bilbon, Laudion, Bortziritan eta Iruñerrian. Bilbon, Ertzaintzak kargatu egin zuen, Espainiako ordezkariordetzan eserialdia egin zuten gazteen aurka. Gasteizen, aldiz, poliziak 19 lagun atxilotu dituela jakinarazi du Ernaik. Atxilotuekin elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu zuen Donostiako Ernaik arratsalderako, eta Bulebarrean protesta egin zuten hamarnaka lagunek.
Egun gogor bat izan da gaurkoa, baina Donostiako gazteok ez gara nekatuko!!!
— Ernai Donostia (@ErnaiDonostia) October 17, 2019
Eguna amaitzeko arratsaldeko kontzentrazioan elkartu gara atxilotuei elkartasuna adierazteko!!! #EzDuguOnartzen pic.twitter.com/hnjhLH13nm