Elkarretaratze ibiltaria egin dute Antiguan, Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen alde
Kartzelan sartu dituzten Kataluniako buruzagi politiko eta sozialei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Antiguako Gaskonia plazan, Zergatik Ez plataformak deituta. Elkarretaratzearen ondoren, zebra-bidea behin eta berriro gurutzatu zuten auzotarrek, trafikoa geldiaraziz. Ertzaintza ere agertu zen, baina ez zen inongo liskarrik egon.
Kontzentra eta gero jendea pasiatzen ibili da. Kotxe ilarak sortu omen dira. pic.twitter.com/KvS0DiO6xg
— Zergatik Ez (@zergatikezEH) October 17, 2019
‘Proces’-aren sententzia “astakeria bat” dela deritzo plataformak, eta “independentismo pentsaeran mugarri bat” jartzen duela. Plataformaren arabera, autodeterminazio eskubidea Espainiarekin negoziatuz lortzea proposatzen duen bideak “sinesgarritasun guztia” galdu du, eta “aukeraz beteriko ikuspegia” ematen dio independentismoari. Horregatik “burujabetza aldarrikatzetik praktikan jartzera pasatzea ezinbestekoa” dela deritzo Zergatik Ezek, herritarren gehiengoaren nahia obedituz, “nahiz eta horrek Espainiako lege injustuak desobeditzea esan nahi izan”.