Gerraren lekuko izan zen antzokia
1936ko uztailean gerra piztu zenean, Donostiako errepublikanoak Viktoria Eugenia Antzokian sartu ziren, handik hiria babesteko. Kolpistak Maria Kristina hotelean sartuta zeuden, eta enfrentamenduak egon ziren bi eraikinen kanpoaldean.
Donostiako izaera aristokratikoa indartzeko asmoz, XX. menderaren hasieran udalak erabaki zuen hirian luxuzko hotel bat eta antzoki bat eraikitzea. 1912an inauguratu zituzten Viktoria Eugenia Antzokia eta Maria Kristina hotela izan ziren erabaki horren emaitzak, eta antzokia laster bihurtu zen Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko antzoki garrantzitsuenetako batean.
Euskarazko antzezlan ugari egin zituzten 1930eko hamarkadako lehen urteetan Viktoria Eugenia Antzokian, hala nola, Abelino Barriolaren Goi Argi (1935) antzezlana. 36ko gerra piztu zenean, aldiz, euskarazko programazioa moztu egin zuten.
Militar kolpistak Donostian sartu zirenean, Maria Kristina hotela hartu zuten, eta herritar errepublikanoak Viktoria Eugenia Antzokian sartu ziren, handik kolpisten aurkako erasoa egiteko. Fusilen tiroek behin eta berriro gurutzatu zuten Okendo plaza, eta azkenean errepublikanoek hiriaren kontrola bereganatu zuten, nahiz eta urte bereko irailean Donostia kolpisten esku geldituko zen. Enfrentamendu horren aztarnek gaur egunera arte iraun dute. Izan ere, antzokiaren paretetako batean, Okendo plazara ematen duenean, bala zuloak ikusgai daude oraindik.
1937an, hiria frankisten kontrolpean zegoela, antzokiko programazioa berriz jarri zuten martxan, erregimen frankistaren aldeko antzezlan eta filmekin. Garai hartan, oso ohikoa zen emanaldien bukaeran agur faxista egitea eta Cara al sol abestia kantatzea.
Errepublika garaian hasi ziren euskal antzezlanek Franco hil arte itxaron behar izan zuten Viktoria Eugenia Antzokira itzultzeko.