Gordegia, auzotarrei erakusteko prest
Urriaren 25ean aurkeztuko dute Egiako Gordegia. Egitasmoaren helburua da auzoaren artxibo grafiko bat eraikitzea, eta dagoeneko jarri dute lehen hazia.
Auzotar askoren aspaldiko nahia gauzatzen ari dira Gordegiako kideak. Egiako artxibo grafiko bat osatzea da helburua, baina ez dute edonolako artxibo bat sortu nahi. Argazki eta bideo bakoitzaren atzean dagoen kontakizuna osatu nahi dute, eta, horrela, auzoaren memoria historikoa eta kolektiboa osatzen joan. «Gure asmoa ez da gordegi soil bat egitea, gure helburua da argazki bakoitza ondo dokumentatzea, dagokion deskripzioarekin, urtearekin, egilearekin, eta abarrekin», azaldu du Karlos Trenorrek, taldeko kideak. «Auzoan jende askok ditu argazki zaharrak, eta ez ditu galdu nahi», gaineratu du. Martxoan hasi ziren Gordegiari forma ematen, eta, ordutik, lan asko aurreratu dutela uste du Trenorrek. Itsaso Alkorta auzotarra ere taldeko partaidea da, eta honela azaldu du proiektuaren sorrera: «Kide batek bere kabuz ekin zion artxiboa sortzeari, eta modu formalagoan gauzatzeko proposamena luzatu zigun. Teila Fabrikakoek ere proiektuarekin hastera animatu gintuzten, eta espazio fisikoa eta baliabideak utzi dizkigute horretarako».
2.600 argazki inguru
Hasieran, inguruko jendearen argazkiak biltzen hasi ziren, norbanakoenak zein kuadrilla eta eragileenak; auzotarren erantzuna oso ona izan dela baieztatu dute. Are gehiago, orain egoerak «gainezka» egin diela aitortu dute alai, material asko pilatu zaielako, eta ez direlako denera iristen. Orain arte, 2.600 argazki inguru jaso dituzte, eta beste 13. inguru dituzte dokumentatzeko.
«Lehen hazia» jarri eta elkarte forma eman zioten taldeari duela hiru bat hilabete, horrela, erregistro formal bat izan eta beharko dituzten tramite administratiboak egiteko. Alkortak azaldu du baliabide materialak martxan jarri dituztela dagoeneko, hala nola, argazkiak artxibatzen hasi dira, elkartea sortu dute, eta webgune bat jarri dute abian. Hala ere, «benetako lana» hilaren 25etik aurrera hasiko dela aitortu dute. Hain zuzen, jendaurrean aurkeztuko dute egitasmoa egun horretan, Egiako kultur etxean, 19:00etan, eta orduan irekiko dizkiote ateak auzotarren parte hartzeari. «Talde motorrean bost kide gara, baina egun horretatik aurrera jendearen laguntza beharko dugu argazkiak dokumentatzen jarraitzeko», esan du Alkortak.
Gordelagunen bila
Auzotar guztien laguntza ongi etorria izango dela uste dute, baina parte hartzea errazteko, gordelaguna figura sortu dute. Pertsona horiek hainbat modutan babestu ahalko dute proiektua, eta gordelaguna egiteko aukera egongo da webgunean zein Teila Fabrikan. «Gordelaguna izateko modu bat baino gehiago egongo da, besteak beste, argazkiak edo bideoak utziz eta webgunean dokumentatutako informazioa gehituz edo zuzenduz», azaldu du Alkortak. Orain arte, materiala eskura jaso dutela kontatu dute, baina webguneak aukera emango du dokumentuak modu digitalean helarazteko, horrela, adibidez, eskaneatzeko lana aurreztuko dute Gordegiko kideek.
Webgunea, gune nagusia
Prestatzen ari diren webgunea izango da artxiboaren euskarri nagusia, eta hilaren 25eko aurkezpenean jarriko dute ikusgarri pertsona ororentzat. «Webgunearen sorrerak lan handia eskatu digu, eta egitura erabakitzeko eztabaida ugari izan ditugu [barrez]. Antolaketa praktiko eta egoki bat lortzea konplexua da», azaldu du Trenorrek. Webak atal desberdinak izango ditu eta hor egongo dira ikusgai artxibatutako argazki eta bideo guztiak. Dokumentatutako materiala sailkatzeko hainbat irizpide erabili dituzte, besteak beste, urtea eta egilea edo emailea. Urtearen araberako lehen sailkapena hamarkadaka egin dute, eta, ondoren, urtez urte bilatzeko aukera egongo da. «Orain arte dokumentazioa 2010 urtera arte egin dugu, izan ere, hortik aurrera irudi uholde bat dago», esan du Trenorrek. Era berean, bilaketa egiteko bi modu diseinatu dituzte: bilaketa arrunta eta bilaketa aurreratua. Horien bitartez, zehaztasun handiko bilaketak egiteko aukera izango da.
Webguneko beste atal bat gordelagunei eskainitakoa izango da, eta, azkenik, blog baterako sarbidea egongo da. «Blog bat sortu dugu, beste mota bateko edukiak sortzeko: gertakizun zehatzen kontakizunak, auzoko pasadizoak, eta abar», jakinarazi du Alkortak.
Hainbat auzotarrek eskainitako argazkiez gain, artxibogintzan eskarmentua duten bi erakunderekin ere izan dute hartu-emana: Tabakalerarekin eta Kutxatekarekin. Duela hamar urte, egungo Tabakalera sortu aurretik udalak auzoko argazkiak biltzeari ekin zion, eta 2.000 argazki inguru bildu ostean, erakusketa bat prestatu zuten. «Gure ilusioa zen argazki horiek errekuperatzea, eta Tabakaleraren laguntza nabarmendu behar dugu», onartu du Alkortak. Tabakaleraren funtsean zeuden argazki asko Egiako familiek utzitakoak ziren, eta pertsona horiek galdutzat zituzten dokumentuak. Alkortak kontatu du nola familia horiekin harremanetan jarri diren, argazkiak itzultzeko: «Argazki horiek altxorrak dira, eta familia asko oso pozik jarri dira errekuperatu dituztelako, haien funtsekoak ziren».
Era berean, kultur zentroan martxan dagoen proiektu bateko kideekin ere lanean aritu dira: Kearen Artxibogileekin. Azaldu dute taldeak lan handia egin duela zigarrogileen inguruko «artxibo berezi bat sortzen», eta oso lagungarria izan dela haiekin bildu izana: «Proiektu horrek erakutsi digu artxibo baten inguruan nola egiten den komunitate bat, eta hori oso garrantzitsua da».
Gordegikoen lehen mugarria urriaren 25a izango da, baina harago begira jarri dira dagoeneko. Artxiboaz gain, bestelako jarduerak antolatzeko gogotsu daude: hitzaldiak, mintegiak, bisita gidatuak, eta abar. «Artxiboa lantzen hasi garenean ikusi dugu badagoela jendea auzoaren historia lantzen, eta hainbat interesgune historiko identifikatu ditugu», azaldu du Trenorrek. Lehen hazia, beraz, landatu dute,