Lan uzteak egin dituzte "Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa" salatzeko
Euskal gehiengo sindikalak deituta, hiriko hainbat tokitan kalera atera dira langileak, “Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa” salatu eta Kataluniako herriari elkartasuna adierazteko. Makina bat langilek lan uzteak egin dituzte gaur goizean, besteak beste, Alderdi Ederren, Epaitegian, Donostiako Ospitalean, Miramoneko EITBren egoitzan, Zuatzun, EHUren Ibaetako campusean, Lauaizeta eta Aitor ikastoletan, Añorgako Rezolan, Grosen, eta Correosen.
Mobilizazioen harira, LABek, ELAk, STEILASek, ESK-k, ETXALDE-k eta HIRU sindikatuek ohar bateratu bat plazaratu dute. “Botoa ematea ez da delitua. Ez behintzat demokrazian”, adierazi dute. Elkartasuna adierazteko atera dira kalera, eta euren kezka “askoz sakonagoa” dela baieztatu dute. Sindikatuen ustez, epaiarekin estatuak “mezu beldurgarri bat” helarazi nahi die herritarrei: “Gure etorkizunari buruzko erabakia noizbait hartzeko itxaropena galarazi nahi digu”.
Gogoratu dute urte askoan Kataluniako erakundeak “behin eta berriz” saiatu direla estatuko gobernuarekin elkarrizketa bidez egoera konpontzen, baina erantzuna ezezkoa izan denez, mobilizazio soziala, masiboa eta baketsua “gero eta handiagoa” izan da. Sindikatuen ustez, egoera horren ondorioz etorri zen 2017ko urriaren 1eko kontsulta, “gogor zanpatua eta gaurko epai honekin zigortua”. “Agerraldi hauek deitu ditugun euskal sindikatuok ondo asko dakigu Espainiako Estatuak zer nolako botere errepresiboa duen, baina estatuko erakundeei mezu argi bat helarazi nahi diegu: ez da sortu euskal herriaren eta herri katalanaren asmo politikoak isilaraziko dituen epairik, ez estaturik”, gaineratu dute.
Gehiengo sindikalaren ustez “premiazkoa” da mobilizatzea, eta horregatik, “lan munduari” dei egiten diote Gure Esku deitzen ari den mobilizazioetan parte hartzera, “batez ere Donostian urriaren 19an izango den manifestazioan”.
Donostiko ospitalean ere kontzentrazioa egin dugu! pic.twitter.com/DNvOxkJLuk
— LAB Donostia (@LABdonostia) October 18, 2019