Legatza saltsa berdean, txirla eta kokotxekin
OSAGAIAK
-Legatza
-Kokotxak
-Txirlak
-Baratxuria
-Perrexila
-Pipermina
-Koñaka
-Arrain-salda
-Irina
PRESTAKETA
Lehenik eta behin, saltsa berdea prestatuko dugu. Horretarako, zartaginean oliba olioa bota eta ongi berotuko dugu. Ondoren, baratxuri txikitua gehituko diogu, eta kolore pixka bat hartzerakoan, irin apur bat botako diogu. Dena ongi nahasita izatean, Arrain-salda, pipermina eta koñak zurrusta bat botako dizkiogu. Hamar minutuz egosiko dugu salda pixka bat gutxitu arte, eta hori eta gero, saltsa prest izango dugu.
Ondoren, legatza saltsan egingo dugu, alde batetik eta bestetik, eta hura eginda egotean, kokotxak eta txirlak gehituko dizkiogu. Minutu batez egosiko ditugu, txirlak ireki arte. Hori gertatzean, dena platerera eramateko prest izango dugu.
Josetxo Perurena eta Iñaki Marauri, Portuetxe erretegia
“Historiak dio duela zenbait mende portua hemen zegoela, eta hortik datorkio izena lekuari”
Josetxo Perurenak eta Javier Bereziartuak 1982an ireki zuten Ibaetako Portuetxe erretegia. Iñaki Marauri sukaldeburuaren laguntzarekin, kalitatezko zerbitzua eta sukaldaritza tradizionala eskaintzen dituzte historia luzea duen eraikinean. Perurenarekin hitz egin dugu Portuetxe gertuagotik ezagutu ahal izateko.
Erretegia duela 37 urte ireki zenuten, baina zer zen leku hau lehen?
Historiak dio duela zenbait mende Donostiako portua hemen zegoela. Padurak honaino heltzen ziren, eta hortik datorkio izena lekuari.
Eta eraikinari dagokionez?
Baserria izan zen, eta baita sagardotegia ere, duela urte asko.
Zure ustez, zerk egiten du berezi Portuetxe?
Bezeroak etxean bezala jasotzen ditugu, eta produktuari dagokionez, merkatuko onena ekartzen saiatzen gara. Hori da dena. Gauza guztien gainean egoten gara.
Kokapena ere atsegina da. Gordeta egoteak lasaitasuna eskaintzen du.
Bai, erabat. Zoritxarrez, desnibel honetan egoteak zenbait arazo ere ekarri izan dizkigu uholdeengatik. Behin, ura trinketearen txaparaino heldu zen, hortaz, imajina dezakezu nola geratu zen jatetxea. Teilaturaino urperatuta!
Javierrek eta zuk urte luzez kudeatu duzue Portuetxe. Zein da jatetxearen etorkizuna?
Atzetik datozkigun bi semeak. Erreleboa indartsu dator eta sekula baino ilusio gehiagorekin gaude horregatik.
Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke?
Manterola kaleko Txokolo erretegia.