"Zaldi urdina gaur egungo droga da"
Joan den urriaren 11n estreinatu zuten Luhuson (Lapurdi) 'Zaldi urdina'. Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia konpainiek elkarrekin sortu dute laugarren lana da, eta urriaren 23tik 27ra ikusgai izango da Egian, Gazteszenan. Zazpi aktorek osatzen dute obraren antzezle-zerrenda, eta horietako bi dira Olatz Beobide (Donostia, 1964) eta Edurne Azkarate (Oion, Araba, 1993).
Zer kontatzen du antzezlanak?
Olatz Beobide (O.B.): Antzezlanaren protagonista familia bat da. Familia horretan ustekabe bat egon da. Nik amonaren papera egiten dut eta nire biloba, Aingeru, 17 urteko mutiko bat desagertu egingo da. Hor atzean hainbat elementu egongo dira: lapurretak, droga, trapitxeoak… Edurnek nire beste bilobaren papera dauka, eta biok Aingeruren bila hasiko gara. Bidean hainbat pertsona biltzen da gurera, adibidez, Jon bere laguna eta Simon, udaltzain izandako bat. Era berean, modu paraleloan, poliziak ere ikerketa bat abiatuko du. Eta hemendik aurrerakoa azaltzea, spoilerra litzateke [barrez].
Edurne Azkarate (E.A.): Antzezlanaren abiapuntua oso sinplea da: festa batean istripu bat gertatzen da, drogarekin zerikusia daukana, eta Aingeru desagertu egingo da, edo alde egingo du. Orduan antzezlan osoan zehar bere bila arituko gara, eta herri osoa inplikatuko da horretan.Horrekin irudikatu nahi da drogak ez diola bakarrik familia bati eragiten, ez dela ezkutuan gorde behar den zerbait, baizik eta sozializatu behar dela, eta herri osoaren inplikazioa behar duela.
Zaldi zuria (edo heroina) aski ezaguna da, aldiz, zuen antzezlanekoa urdina da. Zergatik?
O.B.: Hori delako, nolabait, orain agertu den zaldia. Salto moduko bat proposatu dugu, garai bateko zaldi zuritik gaur egungo zaldi urdinera. Antzezlanean, horrelako flashback batzuk bizitzen ditugu; hain zuzen, bilaketan zehar, bizipen pertsonaletan oinarrituta, egiten zaie erreferentzia garai batean pertsona batzuek bizi izandako esperientziei. Flashback horietan islatzen da pixka bat zer gertatu zen duela hamarkada batzuk zaldi zuriarekin, baita oso ezaguna den esku beltz hori ere. Hainbat gai agertzen dira, eta horiei buruz hitz egitea ez da erraza, are gehiago esango nuke, Euskal Herrian tabu modukoak diren gaiak mahaigaineratzen direla.
E.A.: Zaldi urdina da aitzakia bat izena bera eguneratzeko, hain zuzen, antzezlana gaur egun gertatzen delako. Halaber, zaldiaren sinbologiak lotzen gaitu iraganera. Gaur egun gertatzen da antzezlaneko gertakaria, eta zaldi urdina gaur egungo droga litzateke, baina badu zerikusia 80eko hamarkadan gertatutakoarekin. Orduan, antzezlanak bidaiatzen du une oro gaur egunetik iraganera, eta alderantziz.
Antzezlan gogorra da?
O.B.: Guk antzezlanean bizi duguna road movie gisa ikus daiteke, eta oso sakona da. Zazpi aktoreak gaude une oro oholtzaren gainean, eta guk geuk sortu eta desegiten ditugu gure lokalizazioak eta espazioak. Zentzu horretan, ez dut uste gogorra denik. Uste dut baliatzen dituela antzerkiaren posibilitate guztiak, irudimena, besteak beste, eta horrek alaitasuna daukala bere barruan. Egia da jorratzen dugun gaia gordina dela.
E.A.: Gogorra gaia bera da. Guk planteatzen duguna da drogaren erabilpena politikoa izan dela Euskal Herrian, eta gatazkarekin lotura duela. Hortaz, gaia gogorra da eta plazaratu egin behar da, eta memoria ariketa bat egin dezake antzerkiak; horiek dira gure asmoetako batzuk. Halaber, badaude momentu dibertigarriak antzezlanean, izan ere, drogak zabaltzen dizkizu zuritik beltzerako aukera abaniko bat.
Proiektuaren atzean hiru konpainia daude. Nola izan da antzezlanaren sorkuntza prozesua?
E.A.: Hiru konpainia hauek batu zirenean erabaki zuten produkzio handiago bat sortzea, euskarazkoa, eta hainbat gonbidaturekin ere lan egin dute azken urte hauetan. Horrelako proiektu bat abian jartzeko lan izugarria egin behar da, eta ez bakarrik sorkuntzan; baita banaketan eta beste arlo askotan ere, eta, horregatik, fase pila bat ditu prozesuak.
Sorkuntzaren lehen ideia definituta dagoenean, aktoreak hasten gara horren inguruan inprobisatzen, eta prozesuan zehar pertsona askok esku-hartzen dute: musikariek, idazleek, jantzigintza egiten dutenek, eta abarrek. Gainera, pertsona guzti horiek ideia eramaten dute etxera, denbora batez landu egiten dute, eta guregana ekartzen dute berriro, horren gainean beste behin inprobisatzeko. Gu urtebetez egon gara zati artistiko hori egiten, baina, aurretik, beste urtebetez gutxienez, lanean aritu dira proiektuari forma emateko. Antzezlana osatutakoan, hilabeteko egonaldi bat egin dugu denok batera, eta ibili gara buru-belarri entseatzen, estreinaldiko egunera arte. Orain, bira osoa gelditzen zaigu aurretik.
O.B.: Axuteko Ximun Fuchs aritu da zuzendari lanetan, eta Dejabuko Ainara Gurrutxaga izan da zuzendari laguntzailea. Artedramako Ander Lupus aktore lanetan dabil, baina haiek ere egin dituzte ekoizpena eta beste hainbat lan. Hiru konpainiek dena jarri dute mahai gainean, hiruren artean egindako koprodukzioari daukaten guztia eman ahal izateko.
Oholtzaren gainean belaunaldi desberdinetako aktoreak zaudete. Zuek biak, esaterako, garai desberdinetakoak zarete. Zein arrasto utzi du heroinak zuen bizitzetan?
O.B.: Ni 1964ekoa naiz, eta lehen aipatu dugun garaia, heroinaren garai gorena, gazte nintzela tokatu zitzaidan, 15 edo 16 urterekin. Gaia pil-pilean zegoen, eta bizi genuen gazte batek bizitzen duen moduan, hau da, gure bizitzetan dena ziren borrokak eta jaiak, eta biak etengabe nahasten ziren. Mugimendu feminista indartsu zegoen, Lemoizko aldarrikapenak ere, eta gu guztira batzen ginen ilusio handiz. Dena aldatu nahi genuen, eta drogak ere hor zeuden. Zorionez, niri bizirautea tokatu zait, baina inguruan ikusi dugu heroinak egin zuen txikizioa.
Donostian bertan, ikusten genuen heroina kontsumitzen zutenek plaza asko hartuta zituztela, eta horien gainbehera ere ikusten genuen. Gainera, drogei buruz informazio oso gutxi zegoen, eta eragina ikusten genuen besteengan, lehen dosiak hartu zituztenengan. Gero, hiesa ere agertu zen, eta ikusten genuen arazo ez zela bakarrik drogarekin, eta bat-batean fronte asko ireki ziren: sexua, drogak, harreman motak, eta abar. Mamuak ziren, baina mamu errealak. Donostia ez zen bereziki leku katastrofiko bat izan, baina denetarik ikusi dugu hemen. Halaber, poliziaren esku beltzaren presentziari buruz ere beti entzun izan dugu.
E.A.: Nik daukat neure burua Olatzek kontatu duenaren osteko kanpainaren produktutzat. Guri eman diguten informazioa oso latza izan da, eta ez zaio drogak izan dezakeen parte positiboari erreparatu. Egurra eman zaio drogari 80eko hamarkadan eta 90ekoaren hasieran gertatutako guztiarengatik. Olatzen adin berdintsukoa dut ama, eta etxean beti azaldu izan dituzte horrelako istorioak, kontatu izan digute zenbat lagun eta kide galdu diren heroinaren edo hiesaren bitartez. Uste dut horrek guztiak eragin duela gain-informazio bat, eta beldurraren filosofian sartzen lagundu digula. Gaur egun ezagutza handia dago, baina era berean, ezagutza hori transmititzeko beldurra dago, eta horrek ezezagutzara itzultzen gaitu. Aurreko belaunaldietatik jasotako informazioa antzezlanean islatzen saiatu gara, azken finean, droga beti dagoelako hor, eskuragarri.
O.B.: Gertu izan ditugu ere Laket! taldekoak, eta haiek oso hurbiletik drogen inguruko informazioa lantzen dute, norberak jakin dezan zer eta nola hartzen duen. Nik uste dut hori izan daitekeela bideetako bat, eta droga ez dadila izan tiraderan ezkutuan gordetzen den zerbait.
Eskoletako ikasleentzat emanaldiak egiten ari zarete. Gazteentzako antzezlana da?
O.B.: Protagonistak 17 urte ditu, eta nik uste dut gazteei zuzenduta dagoela, baina adin guztietako pertsonaiak daudenez, horiekin identifikatuta sentituko denik ere bada. Fikzioa da, baina gertaera zehatzetan oinarrituta dago, eta horregatik, ikusle bakoitzari bere erara, sortuko dio nolabaiteko oihartzuna.
E.A.: Antzezlanak horrenbeste belaunaldi hartzen ditu, gure xedea dela transmisioa bermatzea, eta gazteok sentitzea gure lekua ere badirela antzokiak, eta interesatzen zaizkigun istorioak kontatzen direla hor. Gonbidapena guztientzako da, pertsonaia batekin ez bada, beste batekin egingo duelako bat ikusleak.
O.B.: Gainera, nire ustez, euskaraz izateak aukera asko zabaltzen ditu. Road movie estiloko obrak askotan ez ditugu geureak sentitzen, baina kasu honetan, gure herriari buruz eta gure hizkuntzan ari garenez, errazagoa da istorioa ere geure sentitzea.
Zer moduzko lan-taldea osatu duzue zazpi aktoreek?
E.A.: Askotan esaten dugu Gran Hermano moduko bat bizitzen ari garela.
O.B.: Antzezlana prestatzeko egonaldi bat egin dugunez, batera lan egiteaz gain, elkarrekin bizitzen aritu gara, erosketak batera egin, otorduak prestatu, eta abar. Azkenean, familia baten harremanak eta konfiantzak eratu ditugu. Elkarren mania txikiak ezagutzen ere hasi gara [barrez].
E.A.: Abiapuntu oso desberdinetatik gatozen aktoreak gara, eta oholtzan une asko konpartitzen ditugu eta asko ikasten dugu elkarrengandik, baina etxeko bizitzak ere asko ematen du. Gure arteko harremanen beste alderdi humanoago batzuk esploratzeko aukera ematen du.
O.B.: Niri asko gustatu zait oholtzan ikusi bai, baina haiekin inoiz antzeztu ez dudan jendearekin agertokian aritzea.
Datorren astean Donostian izango zarete. Olatz, berezia da etxean antzeztea?
O.B.: Bai, beti da berezia Donostian antzeztea, azken finean, etxean jokatzea delako. Familia etorriko da ikustera, eta gurea oso familia handia da. Gainera, lagunak, auzoak eta pertsona ezagun asko ere etorriko dira. Ezagun asko pasatzen dira antzokitik, eta gozamena da hori. Gainera, egun asko izango gara Gazteszenan, eta hori oso positiboa da, obrari txinparta piloa ateratzeko aukera ematen duelako horrek. Luxu handia da Donostian astebetez egon ahal izatea.
Eta, Donostia eta gero?
O.B.: Emanaldi asko ditugu programatuta dagoeneko. Luhuso izan zen lehenengoa, ondoren Angelun izan gara, eta Donostiatik pasa ondoren Azpeitira joango gara. Gero herri eta hiri askotan antzeztuko dugu. Estreinaldiaren aurretik bagenekien bira luzea izango genuela aurretik, eta horrek ematen du indar izugarria. Antzezlan bat egiten dugu erakusteko eta ikusleekin konpartitzeko, eta horrenbeste tokitan erakusteko aukera izatea zoragarria da. Bizirik dagoen arte bat da, eta gu ere bizirik gaude. Egin ahala zuzendariaren oharrak izaten ditugu, eta horrek ere antzezlana bizirik mantentzen du, ez delako sorkuntza monolitiko bat.
E.A.: Urte honetan saio asko egingo ditugu, eta 2020rako ere beste asko ditugu programatuta. Ahal dela, Euskal Herri osora eraman nahi dugu antzezlana. Arrazoi asko daude antzezlana ikusteko, eta jendea etortzera animatu nahi dugu. Oso antzezlan bizia da, eta sakona izateaz gain oso momentu dibertigarriak ditu. Gainera, antzokitik ateratzean lagunekin eta familiarekin hitz egiteko oso gai indartsua eskaintzen du lanak. Gazteszenan, gainera, antzezlanaren ondoren luntx bat jarriko dugu, ikusleekin egon eta obra komentatu ahal izateko.