Elkartasun uholde horiak Donostiako kaleak hartu ditu
Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaia salatu eta elkartasuna adierazteko milaka lagun elkartu dira Donostian, Gure Esku herri plataformak deituta.
Milaka lagun elkartu ditu Gure Esku herri plataformak Donostian deitutako manifestazioak. Kataluniako buruzagi sozial eta politikoei guztira ezarritako 100 urteko espetxe zigorraren harira, mobilizazio nazionala egin dute, “epaiketa bidegabea eta bere ondorio larriak” salatzeko. Protesta Antiguako tuneletik abiatu da, eta Kontxa pasealekutik barrena Erdialdera sartu da, San Martin kaletik. Hiriko erdigunea zeharkatuta, Argentinako Errepublikaren pasealekutik jo, eta Bulebarrera egin du. Han egin dute manifestazioaren amaierako ekitaldia.
Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna. Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea lelopean, antolatzileek ezarritako ordua baino minutu batzuk beranduago abiatu da manifestazioaren burua Antiguatik. Une batzuk lehenago, baina, jendez lepo zegoen tunelaren ingurua, eta han bildu dira ere eragile politiko eta sozial ugaritako ordezkariak. Besteak beste, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdietako ordezkariak; LAB, ELA, Steilas eta hainbat sindikatutako kideak; baita beste esparruetako hainbat pertsona ezagun ere, esaterako, Anari Alberdi, Jule Goikoetxea eta Fermin Muguruza. Manifestazioa hasi baino une batzuk lehenago iritsi da ere Kataluniako Lluis Llach abeslaria, eta bere presentziak ikusmin handia sortu du herritarrengan.
Ibilbidean zehar, Gure Eskuko kide eta boluntarioek txilibitu eta elementu horiak banatu dituzte herritarren artean, eta nagusi izan dira esteladak, ikurrinak zein euskal presoen etxeratzearen aldeko banderak. Manifestazioak mantso egin du ibilbidea, eta burua Maria Kristina hotelaren albotik igarotzen ari zenean, azkenak Antiguako tuneletik irteten ari ziren oraindik. Manifestazioaren hasierako pankarta eraman dute hainbat esparrutako pertsona esanguratsuk: Fermi Rubiraltak, Fermin Muguruzak, Anari Alberdik, Bel Pozuetak, Jule Goikoetxeak, Josu Etxaburuk, Lluis Llachek, Amalur Alvarezek, Carlos Garaikoetxeak, Gema Zabaletak, Xabier Euzkitzek eta Irantzu Perellok.
Mobilizazio jendetsua izateaz gain, zaratatsua ere izan da. Etengabe entzun dira Gure Eskuk banatutako txilibituen hotsak, eta aldarrikapen ugari oihukatu dituzte ere herritarrek; besteak beste, “Independentzia”, “Els carrers seran sempre nostres” (Kaleak beti gureak izango dira), “Altsasukoak askatu” eta “Erreferenduma ez da delitua”.
Ekitaldi hunkigarria
Bulebarreko kioskoan egin dute amaierako ekitaldia. Hainbat herritar igo dira oholtzara, eta zigortutako buruzagi kataluniarrek epaiketan zehar esandako hainbat esaldi irakurri dituzte. Ondoren, Gure Eskuko bozeramaileek hartu dute hitza, Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk. Amaieran bizi izan dira une hunkigarrienak, Lluis Llachek hitza hartu duenean.
Alvarezek eta Etxaburuk irakurri dute mobilizazioaren harira Gure Eskuk igorritako manifestua, eta Etxaburuk Joxean Artzeren hitzak gogora ekarriz hasi du bere mintzaldia: “Batek goserikan diraueno ez gara gu asetuko, beste bat loturik deino, ez gara libre izango”. Gure Eskukoek “bidegabekeriatzat” jo dute buruzagi katalanei ezarritako 100 urteko espetxe zigorra, eta ohartarazi dute “injustizia erraldoi baten aurrean” gaudela. Ezarritako kartzela zigorrak “auzi politiko baten” ondorio direla salatu dute, “oinarrizko eskubideak gauzatzeagatik, Kataluniako herritar guztiei euren etorkizun politikoaz bozkatzeko aukera emateagatik, eta parlamentu batek auzi politikoez eztabaidatzea ahalbidetzeagatik” ezarritakoa.
Espainiako Estatuak hartutako bidea “hartu beharrekoaren kontrakoa” dela esan dute bozeramaileek: “Bidea elkarrizketa da, begirunea, demokrazian sakontzea, herritarren hitza entzutea”. Era berean, estatuak hartutako “bide errepresiboa” kritikatu dute, eta hainbat erabaki jarri dituzte jomugan, hala nola, 155 artikulua ezarriz autogobernua bertan behera uztea, Segurtasun Nazionalaren legea ezartzea eta Altsasuko gazteen aurkako zigorra.
“Injustizia erraldoi baten aurrean gaude, benetako justiziarekin zerikusirik ez duen, eta ereduzko izan nahi duen zigor baten aurrean” adierazi du Alvarezek. Gogor kritikatu du Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagien ekintzak sediziotzat jo izana: “Aurrekaririk gabeko kriminalizazio baten aurrean gaude, non jopuntuan jarri diren gizartearen mobilizazioak, protesta masiboak, disidentzia politikoa, desobedientzia zibila, baita autodeterminazio eskubidea eta erabakitzeko eskubidea ere”.
Bozeramaileek burujabetza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dituzte, eta nabarmendu dute Kataluniako eta Euskal Herriko herritarrek duten “konponbide demokratiko” baten beharra. Horretarako, Gure Esku-ren ustez, “hiru helduleku” daude: eskubideak; herriaren erabakitzeko eta eraikitzeko gaitasuna; eta herritarrek duten sormen eta amets egiteko ahalmena. Oinarrizko eskubideen defentsa “garai hauetarako” iparrorratz gisa izendatu dute, eta baieztatu dute eskubideak “zimenduak direla”: “Zimenduak gizarte justuagoa eraikitzeko, askoz berdinzaleagoa, solidarioagoa, pobreziarik gabe, prekaritaterik gabe, bazterketarik gabe, feminizidiorik gabe”. Azkenik, mobilizaziorako deia zabaldu dute Gure Eskukoek, eta baieztatu dute “herritarron garaia” eta “ahalduntzeko garaia” dela.
Lluis Llach abeslariak egin ditu ekitaldiko azken adierazpenak, eta lehen hitzak Mikel Laboarentzat izan dira. “Epai hau genituen askatasun gutxien suntsiketa izan da”, adierazi du Llach-ek, eta gogora ekarri ditu Katalunian izandako mobilizazio handiak. Abeslariaren ustez, azken urteetako auzia ez da soilik Kataluniako herriaren ezta independentismoaren arazo bat, “demokraziaren eta oinarrizko eskubideen” arazo bat baizik. Kataluniarrak, borrokan jarraitzeko deia egin du, eta ekitaldia bukatzeko, Bulebarrean bildutako herritarrak L’Estaca abestera gonbidatu ditu.