Sinadura bilketa egin dute, Amara Berriko Etxeberritarren plazaren hobekuntza eskatzeko

Amara Berriko auzo elkarteak informazio postu bat jarri du gaur goizean auzoan, Etxeberritarren plazan. Plazan dauden mailek sortutako istripuak direla eta, auzo elkarteak horiek kentzeko sinadura bilketa jarri du abian. Gainera, inguruetako etxeetako postontzietan ere sartu dituzte oharrak, eta plazako merkataritza guneetan sinadurak biltzeko paperak utzi dituzte. Auzo elkartekoek jakinarazi dutenez, zonaldeko beste zenbait plazatan konponketak egin ditu Donostiako Udalak, horrela, mailek sortutako istripuak saihestuz. Etxeberritarren plazan ere, hasi dira batzuk konpontzen, baina azaldu dute oraindik asko gelditzen direla kentzeko.
Sinadura bilketaz gain, auzo elkarteak auzotarren kexak eta iradokizunak biltzeko paperak jarri ditu informazio postuan, eta horiek udalera bideratzeko helburua dute. Amara Berriko auzo elkarteak gehiagotan erabili du sistema hori, bizilagunek euren iritzia jakinarazten laguntzeko.