Chavela Vargas ekarriko du gogora Dorian Wood artistak
Ikuskizunean Vargasek ezagun egindako kantu ugari abestuko ditu Woodek, eta berak sortutako konposizioekin zein Costa Ricako abesti herrikoiekin nahastuko ditu.
2019ko apirilaren 17an 100 urte beteko lituzke Chavela Vargasek. Urteurrena aprobetxatuz, zendutako artista ekarriko du gogora Dorian Wood artistak. Hain zuzen, Costa Ricako abeslari, konpositore, performance egile, artista bisuala eta idazlea Antzoki Zaharrean izango da azaroaren 3an, Xavela Lux Aeterna, cien años de Chavela Vargas ikuskizunarekin. Emanaldia 19:00etan izango da, eta sarrerak 15 euroan erosi daitezke, Donostia Kulturaren webgunean.
“Xavela Lux Aeterna erdi omenaldia, erdi elkarrizketa da, gorputz bakarrean dauden bi arima sortzaileren artekoa”, azaldu du Woodek. “Gizarteak alde batera utzi gaituenontzat, Chavela presentzia jainkotiar bat da”, gaineratu du. Artistak, bien arteko antzekotasunak hartu ditu sorkuntzarako abiapuntu gisa, izan ere, baieztatu du “konexio sakona” sentitzen duela artista mexikar-costarricarrarekiko: “Pertsonalki konexio sakona sentitzen dut artista handi honekin, hain zuzen gauza askotan nator berarekin bat, esaterako, sexualitatean, jatorrian eta jaiotza datan”. Artistarentzat, Vargasenganako bidea “Grial Santuaren bila egindako bidaia zein autogogoeta bidaia”.
Ikuskizunean Vargasek ezagun egindako kantu ugari abestuko ditu Woodek, eta berak sortutako konposizioekin zein Costa Ricako abesti herrikoiekin nahastuko ditu. Woodekin batera, oholtzan izango dira Alberto Montero (ahotsa eta gitarra klasikoa), Marcos Junquera (bateria), Xavi Muñoz (sintetizadoreak), Laura Amanda Agusti (biolina), Blanca Garvi (biolina), Paula Dopico (biola), Adrian Gonzalez (cello-a).