Parte Zaharreko taberna batzuek turistei prezioak igotzea gaitzetsi du Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak
Turistei tokiko biztanleei baino gehiago kobratzen diete Parte Zaharreko taberna batzuek, El Diario Vasco egunkariak erreportaje batean jaso duenez. Horren aurrean, adierazpen bat egin du Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak.
Casa Alcalde, Beti Jai, Casa Tiburcio, Nagusia Lau eta Ttun Ttun dira salatutako tabernak, eta horien jarrera gaitzetsi du elkarteak, honakoa adieraziz: “Gogor salatu eta jazarriko ditugu, marjinalak izan arren, gure sektorean eman daitezkeen honelako jokaerak; eta, lan horretan ere, behar adina lagunduko diegu ere jazarpen horretan, erakunde arduradunei ere”.
Elkarteak azaldu duenez, “salatuak izan diren establezimenduei berehala jakinaraziko zaie elkartetik kanporatzeko espedientearen hasiera”. Izan ere, Gipuzkoako ostalaritzak duen irudia kaltetu dezakeela uste du elkarteak: “Ez dugu onartuko, ustezko profesionalak diren ostalari gutxi batzuen eraginez, gure ostalaritzak, urteetan zehar, profesionaltasunez eta kalitatezko lanari esker lortu duen zintzotasun irudia lausotzea”.
“Sektorearen kalitatea bermatzeko” 42 urte lanean daramatzatela azpimarratu du elkarteak, eta tokiko bezeroen artean kalitate hori ezaguna dela. Horren harira, kanpoko bisitariak ere aintzat hartzen dituztela nabarmendu dute, eta ezin dutela onartu haiekiko “tranpa eta iruzurra”: “Jarrera guztiak ez dira zilegi Gipuzkoako Ostalaritzan. Ahalegina eta eguneroko lana bai; iruzurra eta gezurra ez”. Parte Zaharreko 200 bat establezimendu eta Donostiako 1.300 dira elkarteko kide, eta, azaldu dutenez, “gauza gehiegi daude jokoan, besteak beste, izen-ona, enpleguak, familiak, eta abar”.
Era berean, pertsona batzuek “errealitatea korapilatzeko eta gutxi batzuen hutsegitea sektore guztiari leporatzeko” aprobetxatu dutela salatu du elkarteak. Bukatzeko salatutako egoera errealitate bat dela onartu du elkarteak, baina ez du sektorearen desitxuraketa onartzen: “Marjinala bada ere, onartzen dugu egoera hau ematen arti dela, eta esan bezala onar ezinak diren praktika hauek aurrera eramaten dituzten establezimenduak salatzen ditugu. Baina ez dezagun errealitatea desitxuratu. Ez dugu onartuko gutxi batzuen hutsegitea sektore guztiari leporatzea”.