Tolosa hiribideko zuloak konpontzeko lanek eragina izango dute zirkulazioan
Bihar, hilaren 22an, hasiko dituzte Tolosa hiribideko errepideko zuloak konpontzeko lanak, eta udalak jakinarazi du lanek hainbat eragina izango dutela zonaldeko zirkulazioan. Gaurtik aurrera trafiko-seinaleak eta seinale informatiboak jarriko dituzte ibilgailuen fluxuak erregulatzeko eta bide alternatiboak proposatzeko.
Joan den astean Tokiko Gobernu batzordeak onartutako proiektuaren arabera, obra bi fasetan egingo dute: lehenengoa, Ibaetako biribilgunetik topoaren obretara doan tarteari dagokio, eta bigarrena, berriz, hortik Europa plazara doan zatiari. Fase bakoitzeko lanak hiru astez luzatuko dira, gutxi gorabehera.
Errotaburuko Amerika errotondatik Eugenio Imaz kalera arte doazen hiru erreiletatik bi itxi egingo dituzte, eta, beraz, bakarra geldituko da zabalik. Halaber, derrigorrezkoa izango da eskuinera biratzea Igaratik sartzerakoan. Hiribideko bide batetik sartzeko aukera egongo den arren, Mugikortasun sailak Lugaritz pasealekuko eta Zarautz hiribideko bide alternatiboak erabiltzeko gomendioa egin du, “garraio publikoari lehentasuna emateko”.
Hilabete hasieran, Dbus eta Lurraldebuseko gidariek protesta egin zuten errepidearen egoera eta erakundeen utzikeria salatzeko.