Aske utzi dute hamalau bezerori egindako erasoengatik atxilotutako tatuatzailea
Epaileak Jack Estrada behin-behinean aske uztea erabaki du, kontrol neurriekin. Akusatuak hilabeteko lehen egunean guardiako epaitegian aurkeztu beharko du, epaia atera bitartean.
Epaileak behin-behineko askatasuna agindu du Jack Estradarentzat, hamalau bezerori egindako erasoengatik atxilotutako tatuatzailearentzat. Atzo egin zuten Donostiako Epaitegian epaiketaren azken saioa, eta han deklaratu zuten azken lekukoek, zein akusatuak berak. Estradak behin-behineko espetxealdian zeraman iazko otsailetik, eta epaileak behin-behinean aske uztea erabaki du, kontrol neurriekin. Hain zuzen, akusatuak hilabeteko lehen egunean guardiako epaitegian aurkeztu beharko du, epaia atera bitartean.
2018ko otsaila hasieran tatuatzaile bat atxilotu zuen Udaltzaingoak, hainbat bezerori sexu eraso egitea leporatuta. 2018ko otsailaren 8an Martuteneko espetxean sartu zuten, eta, ordutik, urte bat eta zortzi hilabete daramatza behin-behineko espetxealdian. Guztira, 21 salaketa jaso zituzten orduan haren aurka, eta Martin Ibabe segurtasun zinegotziak orduan jakinarazitakoaren arabera, jasotako salaketen artean arau hauste penalak eta sexu erasoak zeuden.
Otsaila hasieran emakume batek Parte Zaharrean denda zuen tatuatzaileak egindako erasoa salatu zuen sare sozialen bitartez, eta horren ondorioz, Udaltzaingoak gertatutakoa aztertzeko ikerketa abiatu zuen. Gertakariak oihartzuna izan zuen hedabideetan, eta salaketak bata bestearen atzetik pilatzen hasi ziren. Lehen salaketa eta hiru egunetara atxilotu zuten tatuatzailea. Epaileak behin-behinean sartu zuen espetxean, eta ondoren, tatuaje dendaren erakusleihoa pintaketaz josi zioten.
Guztira, hamalau delitu egotzi dizkiote orain tatuatzaileari: lau sexu eraso, zazpi sexu abusu, behartze delitu bat. Estradak azkena deklaratzeko eskaera egin zuen, eta leporatu dizkioten ekintza guztiak ukatu zituen atzo. “Hau guztia antolatu du tatuaien negoziotik alboratu nahi ninduen kide batek”, adierazi zuen. Akusatuak ia bi orduz deklaratu zuen Gipuzkoako Fiskaltzaren, akusazio partikularren abokatuen eta bere defentsa daraman abokatuaren aurrean. Tatuatzaileak akusazio guztiak ukatu zituen, eta baieztatu zuen “inoiz ez duela jarrera ezegokirik izan bezeroekin”. Era berean, adierazi zuen frogak dituela salaketa guztiak faltsuak direla frogatzeko.
Fiskaltzak 20 urteko espetxe zigorra eskatu zuen hasieran, baina zortzi akusaziotan zigorrak igotzeko eskaera egin du orain, eta, hortaz, eskatutako zigorrak ia 30 urteko espetxe zigorrera iristen dira. Kalean da Jack Estrada, eta akusatuak hilabeteko lehen egunean guardiako epaitegian aurkeztu beharko du, epaia atera bitartean.