'Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen' liburua aurkeztu dute
Gaur aurkeztu dute UEUk (Udako Euskal Unibertsitateak) argitaratu duen Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburua Koldo Mitxelenan. Ane Labaka eta Miren Artetxe bertsolari eta ikertzaileek koordinatu dute, eta argitalpenaren nondik norakoak azaldu dituzte aurkezpenean. Bertsolaritza eta feminismoa uztartuta, haien helburua izan da “gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea”. Hain zuzen, “gai eta formatu ezberdinetako” hamalau artikulu bildu dituzte liburuan, eta hamasei autorek hartu dute parte.
Labakak eta Artetxek azaldu dutenaren arabera, egin diren eta egiten ari diren zenbait ikerketa eta hausnarketari “leku propioa” egin eta ikusgarritasuna emateko xedea izan dute. Gainera, “etorkizuneko gogoetak bideratu, zorroztu, osatu, zein zabaltzeko nolabaiteko abiapuntua proposatu” nahi izan dute. Liburuaren lehen hazia 2018ko ekainean jarri zutela azaldu dute, hain zuzen, UEUren udako ikastaroen barruan Iruñean egindako Bertsolaritza genero ikuspegitik saioan: “Ikastaroa guztiz mamitsua eta aberasgarria izan zen eta bertan egon ginenok mugarri moduan ere bizi izan genuen. Gerora, han partekatutakoak liburu forman biltzeko beharra sentitu dugu”. Era berean, Labakak azpimarratu du perspektiba feministaz hitz egitea “ez dela kontu berria” bertso munduan, ezta “mugimendu zein akademia feministaren eta bertsolaritzaren arteko lotura ere”.
Hainbat esparrutako hamasei emakumek idatzitako artikuluak zenbait emakume bertsolariren bertsoekin tartekatu dituzte, “emakume* bertsolariei lekua egin, eta emakume* bertsolarien kolektibotasuna ikusgarri” egiteko: “Kolektibotasuna bistaratzeko saiakera da, hain zuzen ere, hamalau bertso horien bidez egin nahi izan duguna”. Artikuluak eta bertsoak lau ataletan banatu dituztela azaldu dute aurkezpenean: I. Lehengoa, oraingoa (eta tartekoak), II. Emakume* ahots eta gorputzek esan (ezin) dezaketena, III. Desautorizazio(eta)tik ahalduntze kolektibo(eta)ra, eta IV. Kanpo-begiradak. “Guztiei leku egin asmoz, kontzienteki egin dugu zenbait dikotomia eraisteko ahalegina: bizipenak vs. gogoeta, aditu vs. arituak, akademia vs. herri jakintza”, azaldu dute bertsolariek.
Hortaz, liburuan parte hartu dute Izar Alguero Txibitek, Maider Arregi Markuletak eta Maite Martinez Etxebarriak (Sofatik oholtzara), Uxue Alberdi Estibaritzek (Bertsoraino, Kontrako eztarritik lanaren alderdi teorikoa), Miren Artetxe Sarasolak (Emakume bertsolari garaikideak. Ahalduntze-prozesu baten kontaketa), Maite Berriozabal Berrizbeitiak (Gaien garrantzia errealitate eta diskurtsoen eraikuntzan), Mari Luz Esteban Galarzak (Begirada bat bertsolaritzara feminismotik), Jone M. Hernandez Garciak (Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu-bidean) eta Nerea Ibarzabal Salegik (Naturaltasunaren azpiko guztia), Oihana Iguaran Barandiaranek (Emakumeak bertsogintzan: gai izatetik gai izatera), Ane Labaka Mayozek (Irribarre erditik irribarre osora. Bertsolaritzan garatutako umorea(k)), Carmen Larrañaga Odriozolak (Bertsolaritza: maskulinitatearen habitat, Irati Majuelo Itoizek itzulitakoa), Maialen Lujanbio Zugastik (Arbola hazten, azala zartatzen. Azken 40 urteak bertsolaritzan: bertso-eskolaren sorrera eta emakumeen sarrera), Elixabete Perez Gazteluk (Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria, plazandre feminista?), Iratxe Retolaza Gutierrezek (Bertsolari emakumeak vs idazle emakumeak: kultur esparruak, kultur autoritateak eta genero-logikoak) eta Harkaitz Zubiri Esnaolak (Altzairua. Kristala. Material organikoa).