28 urteko kartzela zigorra ezarri diote Izarren aitari, bere alaba hiltzen saiatzeagatik
30 urteko kartzela zigorra eskatzen zuten fiskalak eta akusazio partikularrak Stylanos Messinezisentzat, eta 28 urteko zigorra ezarri diote azkenean Valentziako Probintzia Auzitegiko epaileek, Berria egunkariak argitaratu duenez. Sara Majarenas euskal preso donostiarrarekin duen alaba hiltzen saiatzeagatik zigortu dute Messinezis. Defentsa abokatua delituaren kalifikazioa murrizten eta erasoa lesio delitutzat jotzen saiatu zen epaiketan, baina epaileek ez dute hori onartu, eta Majarenasi lesio psikikoak eragiteaz ere errudun jo dute. Senide izatearen eta genero aldagaiaren larrigarriak ezarri dizkiote, eta egindakoa aitortu izanaren aringarria.
2017ko urtarrilaren 15ean erasotu zuen Messinezisek Izar, Benifaio herrian (Herrialde Katalanak) zuen etxean. 2 urte eta erdi zituen orduan haurrak, eta Majarenasekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuak aitarekin pasatzen zituen. Asteburu horietako batean, bi labankada eman zizkion Messinezisek Izarri, eta etxean utzi zuen, hilda zegoela pentsatuz. Lesio larriak izan zituen haurrak urdailean, esofagoan, biriketan eta bihotzean. Bost ebakuntza egin behar izan zizkioten eta bost aste egon zen ospitalean.
Otsailetik aske zegoen Messinezis, eta irailaren 10ean eta 11n egin zituzten epaiketaren lehen saioen ondoren sartu zuten kartzelan, auzian agertutako frogen ondorioz ihes egiteko arriskua handiagoa zela iritzita. 28 urteko kartzela zigorrarekin batera, Izarrengandik, Majarenasengandik eta haien sendieengandik urruntzeko 37 urteko agindua ezarri diote epaileek Messinezisi, eta Izarren zaintza kendu diote. Hala ere, epaileek ez dute onartu akusazioak egindako beste eskaera bat: Genero indarkeria desagerrarazteko hezkuntza programetan parte hartu behar izatea espetxe onurak lortzeko.