Donostiako Berrikuntzaren Astea hiriko hainbat txokotara iritsiko da
Hilaren 26tik 31ra arte izango da 6. Donostiako Berrikuntzaren Astea edo WeekINN. Donostia Sustapenak antolatu du Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, eta berritasun gisara, kaleko jardueren zirkuitu bat programatu dute. Hiriko gune hainbatetan izango dira, eta hiritar orori zuzenduta.
Berrikuntza asteak bere helburuari eusten dio. Hau da, donostiarrei hirian, enpresa eta proiektu berritzaileen, ikerketa eta teknologia zentroen eta esparru desberdinetako beste entitateen bidez, garatzen den berrikuntza osoa gerturatzea.
WeekINN asteak oinarrizko bi jarduera zutabe ditu. Bata enpresei eta profesionalei zuzendurikoa, eta bestea, ikastetxeei. Hilaren 26tik aurrera Kursaalean Donostia Innovation Challenge-a egingo dute. Hiriko hamaika ikastetxeetako 400 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute, eta DonostiaINN sariak hiriko enpresa berritzaileei entregatuko zaizkie.
“Donostia, aspalditik, berrikuntzaren inguruan apustua egiten ari den hiria da”, nabarmendu du Ernesto Gasco Ekonomia Sustapeneko zinegotziak. “Postal ederretik harago, berrikuntzarekin eta ezagutzarekin sakonki loturiko hiri bat dago. Teknologia, ikerketa eta formakuntza zentroek, eta ekintzaile sare sendo batek osatzen duten ekosistema aberatsa da”, gaineratu du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak.
WeekINN asteak 35 jarduera baino gehiago izango ditu, hirian zehar banatuta, doako hitzaldiekin eta saioekin.
- Urriak 26 eta 27: hiritarrei zuzenduriko doako jarduerak, esaterako: robotika tailer bat, garapen jasangarriari buruzko ginkana bat hiriko erdialdeko kaleetatik zehar, edo Ralph rompe Internet pelikularen proiekzioa Aquariumean.
- Urriak 28: Kursaalen Donostia Innovation Challenge antolatuko da, non hiriko hamaika ikastetxeko 400 ikasle bilduko diren, hiria, adimen artifiziala, 3D inpresioa, robotika, gauzen Interneta, errealitate birtual eta areagotuaren bidez, hobetzeko gaiaren inguruan.
- Urriak 29: Plateren kanpoko berrikuntza gastronomikoa. Mimo gunean egingo da jardunaldia. Hainbat elementu jarriko dituzte mahai gainean, besteak beste: komunikazioa eta storytelling, guneak eta giroak sortzea, edo taldeetako buruzagitza eta motibazioa.
- Urriak 30: DonostiaINN sarien banaketa bi kategoriatan: enpresa gzte eta berritzailearentzat, eta finkaturiko enpresa berritzailearentzat. Maria Cristina hotelean izango da sari banaketa.
- Urriak 31: Euskal Filmotekaren eta Donostia International Physcis Center zentroaren laguntzarekin, ‘Apollo 11’ filma proiektatuko da, Tabakaleran. Bestalde, emakumeari eta zientziari buruzko hitzaldiak eskainiko dituen Zientzia and Fun zikloa, Futbola eta zientzia eta Nanoteknologia eta zahartzea Baga Bogan, eta Fotciencia erakusketak Argazkilari Elkartean, Mujertek Space Arcco Amara gunean, eta Nanokomik San Martin azokan.