Hamar metro koadrotan bizi gaitezke?
Atari elkarteak Japoniako Nakagin dorrearen erreplika bat jarri du Donostian; instalazio bat jarri dute Nautikoan, eraikina osatzen duten kapsula bat nolakoa den erakusteko.
Nolakoa izango da etxebizitzen geroa? Jasangarriak al dira tamaina txikiko etxebizitzak? Mugakek, Euskadiko Arkitekturaren Bienalak, irauten duen bitartean, galdera horiei eta beste askori erantzun nahi die herritarrekin eta arkitekturan diharduten profesionalekin batera. Hainbat jarduera egingo dituzte, eta besteak beste, Japoniako Nakagin dorreko etxebizitza-bizitegien tamaina errealeko bizitegi-kapsula baten erreplika jarri dute Nautikoan.
Kisho Kurokawa arkitektoak 1972an amaitua, Nakagin dorrea Tokioko Ginza auzoan eraiki zuten, eta berehala bihurtu zen mugimendu metabolistaren sinbolo, arkitektura eta hirigintza organismo bizi eta aldakorrak direla aldarrikatzen zuen aldetik. Eraikina bere egitura zentralagatik nabarmentzen da, eta haren inguruan 10 metro koadroko zenbait kapsula ditu kokatuak, bizitegi-kapsulak izan zitezen, momentuko premien arabera beste modulu batzuk jarri edo daudenak birziklatu edo ordezkatzeko prest.
Atari elkarteak antolatua, Nakagin dorreari buruzko zikloan, bisita gidatuak egingo dira bizitegi-kapsularen erreplikara (ostegunetik igandera, aurrez izena eman ondoren, hemen: info@atari.eus), eta hiru dokumental proiektatuko dira: batetik, Nakagin Capsule Tower. Japanese Metabolist Landmark on the Edge of Destruction, azaroaren 5ean; bestetik, Kochuu, azaroaren 12an, eta azkenik, Kisho Kurokawa: From Metabolism to Symbiosis, azaroaren 23an.
Arkitektura herritarrengana hurbiltzea da Bienalaren asmo nagusia, hiri hobeak, orekatsuagoak eta justuagoak lortzeko eztabaida- eta gogoeta-gune bihurtzea. Bigarren edizio honetako jarduerak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira, eta hogeita hamarren bat elkarteren babesari esker, ehundik gora erakusketa, hitzaldi, film-emanaldi, lantegi eta bisita gidatutan parte hartzeko aukera egongo da.