Hartutako Kalte Zerebraleko Egunaren harira, kontzertu solidario bat egingo dute San Bizente elizan
Hartutako Kalte Zerebraleko Eguna da urriaren 26a, eta ATECE elkarteak (Gipuzkoako Hartutako Kalte Zerebralaren elkartea) eta Aita Menni ospitaleak, kontzertu solidario bat antolatu dute, azken urteetan bezala. Kontzertua, baina, bezperan izango da, urriaren 25ean, ostiralean. Parte Zaharreko San Bizente elizan izango da, 17:00etatik 18:00etara. Kontzertua Astigarragako Aiztondo abesbatzak egingo du, eta Igor Arroyo zuzendariaren gidaritzapean, askotariko abestiak kantatuko dituzte: euskal kantu herrikoiak, beste hainbat herrialdetako abesti herrikoiak, Erdi Arokoak, eta abar. Sarrera doakoa izango da.
ATECE elkartea 1994. urtean sortu zuten hartutako kalte zerebrala zuten pertsonen senide talde batek, haien beharrei erantzuteko baliabide faltari erantzuteko asmoz. Elkartearen helburua da kaltetutako pertsonen bizitza kalitatea hobetzea, diziplinarteko arretaren bitartez.