Jack Estrada tatuatzailea aske geratu ostean, "indarkeria matxistaren inpunitatea" gaitzetsi du Donostiako mugimendu feministak
Atzo jakinarazi zuten epaileak Jack Estrada tatuatzailea behin-behinean aske uztea erabaki duela, kontrol neurriekin. Akusatuak hilabeteko lehen egunean guardiako epaitegian aurkeztu beharko du, epaia atera bitartean. Donostiako mugimendu feministak ohar bat zabaldu du, eta jomugan jarri dituzte erakundeak eta erasotzaileak. Era berean, “babes osoa” adierazi diete erasotako pertsonei.
Hona hemen oharra:
Lehenik eta behin, gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu erasotuei Donostiako mugimendu feministako kideok. Guk sinisten zaituztegu, zuekin gaude.
Atzo jakin izan genuen epaileak behin-behineko askatasuna agindu duela Jack Estradarentzat, hamalau bezerori egindako erasoengatik atxilotutako tatuatzailearentzat. Astelehenean egin zuten Donostiako Epaitegian epaiketaren azken saioa. Estradak behin-behineko espetxealdian zeraman iazko otsailetik, eta epaileak behin-behinean aske uztea erabaki du, kontrol neurriekin. Guztira 21 salaketa jaso zituzten, hauste penalak eta sexu erasoak tartean, eta orain hamalau delitu egotzi dizkiote tatuatzaileari: lau sexu eraso, zazpi sexu abusu, behartze delitu bat. Erasotzaileak akusazio guztiak ukatu ditu.
Erakunde eta injustizia heteropatriarkalek beste aldeetara begiratzen duten eta indarkeria matxistak inpunitatea duen bitartean, emakumeak* saretu, boteretu eta eraso guztiei autodefentsa feministaz erantzungo diegu. Horregatik, erasotuei gure babesa adierazi eta gure auzo zein herrietako indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzesten ditugula aldarrikatu nahi dugu. Erasotzaile oro gure kale, auzo eta herrietatik kanpo nahi ditugu. Eta hori lortu arte, oztopo guztien gainetik, benetan sinesten dugunarekin borrokan jarraituko dugu, emakumeok* bizitza askeak eta duinak izan arte.