Realeko futbolariak ere grebara joango dira
Espainiako Ligako emakume futbolariek grebara joatea erabaki zuten atzo, estatuko emakume futbolarien lehen lan hitzarmena adosteko negoziazioak geldi baitaude. Jokalariek gutxienez %75eko lanaldia eskatzen dute, baina kluben elkarteak –Reala dago hor, besteak beste– %50ekoa eskaintzen die gehienez: “Hazkunde jasangarri bat bermatze aldera, ezin gara hortik igo gure eskaintzan”. Beraz, greba mugagabea egingo dutela iragarri dute futbolariek, baina oraindik ez dute greba hasteko datarik zehaztu. Greba tramitatzen den bitartean, akordio batera heltzeko aukera dute futbolariek eta kluben elkarteak.
AFE futbolarien sindikatuak deituta, bilera egin zuten atzo 200 bat jokalarik Madrilen, eta negoziazioen nondik norakoak entzun ondoren, %93k grebaren alde bozkatu zuen. Futbolari batzuek botoa delegatu zuten, eta 230 boto egon ziren guztira. Han izan zen Mariasun Quiñones Realeko jokalaria, eta honakoa adierazi zion Berria egunkariari: “Eskatzen ari gara zerbait duina, merezi dugun zerbait”. Izan ere, gaur egun urtean kobratzen dutenarekin ezin direla bizi nabarmendu zuen: “Ezin gara urtean 8.000 eurorekin bizi”.
Iaz hasi ziren negoziatzen
Iazko azaroaren 8an, hilabeteko atzerapenarekin, hasi ziren lan hitzarmena lortzeko negoziazioak, baina orain arte hemezortzi bilera egin dituzte, eta ez dute akordiorik lortu. Adostasun batzuetara iritsi dira, izan ere, azken bileretan urtean 16.000 euroko gutxieneko soldata gordina izatea adostu zuten, baina ez da hitzarmena sinatzeko nahikoa izan. Gaixoaldian soldata osoa kobratzea, urtean 30 eguneko oporraldia eta irudi eskubideen parte bat beraientzat izatea eskatzen dute futbolariek, besteak beste. Aipatzekoa da hitzarmenean bi protokolo ere sartu nahi dituztela jokalariek: haurdunaldiari lotutako bat eta sexu jazarpenei lotutako beste bat.