2020ko denboraldirako taldea aurkeztu du Donostiarrak
Maialen Arrazola donostiarra izango da Donostiarrako emakumeen traineruaren entrenatzaile berria, eta Hegoi Intxauspek gizonezkoen bigarren taldea gidatzeko ardura hartuko du.
Donostiarra arraun-elkarteak agerraldia egin du datorren denboraldian klubeko traineruek izango dituzten aldaketen berri emateko. Arraunlariei dagokienez, traineruak ia bere osotasunean mantendu ditu klubak gizon zein emakumeen taldeetan, eta baja baino alta gehiago izan dira bi kasuetan.
Emakumeen traineruari dagokionez, ordea, bada aldaketa nabarmen bat. Izan ere, orain arte taldeko entrenatzailea izan den Iñaki Mendizabalek kargua utzi du, eta bere lekua klubera iritsi berri den Maialen Arrazola donostiarrak hartuko du. Horrez gain, Gizonezkoen bigarren taldean ere entrenatzaile aldaketa izan dute, Hegoi Intxauspek erreleboa hartu baitio Rufo Urtizbereari.
Aurkeztutako aldaketak klubaren kirol helburuak “ahalik eta modurik egokienean lortzeko asmoz” egin dituela adierazi du Donostiarrak, eta horiei esker taldearen zaleek ilusioz beteta jarraitzea espero dutela azaldu dute klubeko ordezkariek.
Jarraian, Donostiarrak hurrengo denboraldirako aurkeztutako aldaketak:
Gizonezkoen A trainerua (Euskolabel Liga):
Entrenatzailea:
- Igor Makazagak jarraituko du zeregin horretan.
Arraunlari-taldea:
- Aipatzekoa da hurrengo denboraldian arraunlari-taldearen bloke nagusiak jarraitu egingo duela, 2019an Donostiarran izandako hamabost arraunlari bertan izango baitira 2020an ere. Hala ere, B traineruko harrobiko gazteren batek ere izan dezake, urteroko moduan, A traineruan debutatzeko aukera, hori baita klubaren etorkizuna bermatzeko oinarria.
Bajak:
- Ibon Basterretxea
- Iñigo Collazo
- Alain Osanbela
- Hegoi Intxauspek ere A trainerua utziko du, baina entrenatzaile eta arraunlari arituko da KAE1eko B traineruan.
Altak:
- Mikel Iradi, harrobiko donostiarra, B trainerutik igoko da A trainerura.
- Iban Verdugo, harrobiko donostiarra, San Juan, San Pedro, Trintxerpe eta Ondarroan ibilia eta Donostiara itzuliko dena hainbat urteren ondoren.
- Iñaki Arrieta, arraunlari donostiarra, lehendik ere aritu izan da Donostiarran, igoerako urtean, adibidez, eta bi urtez arrauna utzi ondoren itzuliko da.
- Endika Lopez, tolosarra, Donostiara dator Tolosan, Orion, San Juanen eta Hondarribian jardun eta gero.
- Iñaki Urtubia, Itziarko arraunlaria, bere ibilbidearen zati handiena Zumaian egin du, eta San Pedron eta Ondarroan ere aritua da.
- Joseba Larrarte, Billabonako arraunlari beteranoa, Zierbenatik dator arraun munduan urte askoko ibilbidea egin eta gero.
Azpimarratzekoa da, era berean, Koxme Burutaran, Ur-Kirolakeko harrobiko donostiarra, orain arte aulki mugikorrean ibilia dena (bosgarren izan da junior kategoriako munduko txapelketan Tokio 2019), tostako arraunketan hasiko dela Donostiarran, Raspasen egiten duen modalitate olinpikoarekin bateratuz.
Emakumeen trainerua (Euskotren Liga):
Entrenatzailea:
- Entrenatzaile berria Maialen Arrazola donostiarra izango da. Esperientzia eta ibilbide zabaleko arraunlaria da, bai tostan bai aulki mugikorrean (nazioarteko txapelketetan ere bai), eta hainbat Kontxa eta bestelako garaipenak lortu ditu San Juanen. Entrenatzaile ere izan da han.
- Iñaki Mendizabalek kargua utziko du, eta klubak eskerrik onena adierazi nahi dizkio, bere profesionaltasun bikainari esker, Euskotren Ligara igotzeko eta talde lehiakorra biribiltzeko zereginean ezinbestekoa izan delako.
- Maialen Arrazolaren ondoan, bigarren entrenatzaile gisa arituko da Joserra Mendizabal “Mendi”.
Arraunlari-taldea:
- Azpimarratzekoa da hemen ere taldeak bere bloke nagusia mantendu egingo dela, izan ere, bi baja besterik ez dira egon, eta 2019ko taldeko hamazazpi arraunlari izango dira berriro ere 2020ko tostetan.
- Nabarmentzekoa ere Ur-Kirolakeko behe sekzioetako harrobikoak ere pixkanaka Donostiarraren ontzira iristen joango direla.
Bajak:
- Nagore Arruti
- Belen Garcia
Altak:
- Maialen Arrazola, arraunlari modura ere arituko dena.
- Mariia Mendizabal, donostiarra, hainbat urtez San Juanen aritua.
- Irati Larrañaga, tolosarra, Gipuzkoako hainbat trainerutan aritua.
- Ioana Alijostes, tolosarra, aurrekoaren pareko ibilbidea izan duena.
- Oihana Cereijo, sanjuandarra, batez ere San Juanen arraun egin duena.
- Andrea Oubiña, galiziarra, azken urteetan San Juanen ibili dena.
Gizonezkoen B trainerua B (KAE1 Liga):
Entrenatzailea:
- Orain arte A traineruan ibilia den Hegoi Intxauspe izango da B traineruko entrenatzaile berria, eta arraunlari gisa ere arituko da.
- Aurreko entrenatzailea, Rufo Urtizberea, Donostiarraren harrobia lantzen arituko da, Ur Kirolaken bereziki, eta beste zenbait ardura ere izango ditu arlo logistikoan.
Arraunlari-taldea:
- Joan den denboraldiko arraunlari guztiek jarraituko dute taldean, eta arrauna utzia zuten pare bat itzuli da trainerura. Garrantzi berezia du horrek taldearen jarraitutasuna bermatzeko, eta gazteentzako proiektu erakargarria dela erakusten du.