Basotxikiko Francoren biktima
Zubiaurre tabernara joan ziren frankistak Luis Manuel Irisarri Piquer donostiarraren bila, eta 1936ko azaroaren 10ean fusilatu zuten. Altzako Historia Mintegiak bere historia errekuperatu du.
Lodosakoak (Nafarroa) ziren Luis Manuel Irisarri Piquerren Salvador eta Ramona gurasoak, baina Donostiara etorri ziren bizitzera, eta hemen jaio zen Luis Manuel semea, 1908ko ekainaren 21ean. Aita udaletxeko garbitzailea zen, eta lan egiteko adina izan zuenean, udaleko gas enpresan lan egiten hasi zen Luis Manuel.
Intxaurrondoko Basotxiki baserriko Manuela Garmendia Iriarte ezagutu zuen Irisarrik 1930eko hamarkada hasieran, eta harremana hasi zuten. Bitxikeria gisa, soinujole aparta zen Irisarri, eta hiriko jaietan akordeoia jotzen zuen askotan. 1934ko irailaren 13an, Garmendia eta Irisarriren alaba Nieves jaio zenean, Aieteko santakrutz jaietan akordeoia jotzen ari zen, eta han bertan izan zuen bere alabaren jaiotzaren berri. 1935eko martxoaren 27an Altza-Buenavista epaitegian ezkondu ziren Garmendia eta Irisarri, eta laster izan zuten bigarren haurra: Salvador.
1936ko uztailaren 18an Frankistek Espainiako II. Errepublikaren aurkako estatu kolpea eman zutenean, 36ko gerra piztu zen, eta familia askok alde egin zuten Donostiatik. Irisarri Garmendia familiak, ordea, hirian gelditzea erabaki zuen, eta ez ziren Basotxikitik mugitu. Altzako Historia Mintegiaren informazioaren arabera, ez dago Irisarriren inplikazio edo jarduera politikoaren inguruko daturik. Beraz, agian horregatik erabaki zuen familiak Donostian gelditzea.
1936ko uztailean egin zuten militar kolpistek Donostiaren aurkako lehen erasoa, baina herritar errepublikanoek erresistentzia gogorra egin zieten, eta hiriaren kontrola mantentzea lortu zuten. Irailaren 13an, ordea, mugako frontea erori ondoren, kolpistak berriz sartu ziren hirira, eta Donostia frankisten esku gelditu zen. Bitartean, Irisarri Garmendia familiak Basotxikin jarraitzen zuen, baina frankistek hiria hartu eta bi hilabetera hasi ziren arazoak familiarentzat.
Izan ere, orduan joan ziren frankistak Irisarriren bila Intxaurrondoko Zubiaurre tabernara. Bere alaba Nievesek Altzako Historia Mintegiari azaldu dionez, aita askotan joaten zen taberna horretara kartetan jolastera. Horietako batean, militarrez betetako furgoneta bat joan zen tabernara, Irisarri hartu zuten, eta handik eraman zuten. Etxera itzultzen ez zela ikusita, Zubiaurrera joan zen Garmendia, eta tabernan zeudenek esan zioten bere senarra Ondarretako kartzelara eraman zutela. Hurrengo egunean, kartzelara joan zen Garmendia, baina Irisarri han ez zegoela esan zioten, goizaldean fusilatu baitzuten. Bere heriotza ziurtagiriaren arabera, azaroaren 10ean hil zuten, Donostian.
Familiak, ordea, oraindik ez daki zein izan zen fusilamenduaren benetako lekua. Izan ere, Irisarri hil eta gutxira, farolari batek bere nortasun agiria aurkitu zuen lurrean, Pasaia aldeko errepidean zegoen Iruña Etxearen parean. Agiria Intxaurrondoko bizilagun batena zela ikusita, Zubiaurre tabernara eraman zuen farolariak, eta tabernakoek Garmendiari eman zioten. Horregatik, fusilamendua Oiartzunen izan zela pentsatzen du familiak.
Baina fusilamendua Hernanin izan zela dioen teoria ere badago. Izan ere, Pellizar baserriko Pakita Anabitartek Altzako Historia Mintegiari azaldu dio bere osaba Juan Josek Irisarri ezagutu zuela. Monseko likore fabrika batean egiten zuen lan Juan Josek, eta militar frankistek kamioneta konfiskatu zioten garai hartan, bera gidari gisa hartuz. Ondarretako kartzelako presoak Hernanira fusilatzera eraman behar izan zituen askotan, eta horietako batean Irisarri ezagutu omen zuen, nahiz eta soldaduek ez zioten fusilamendua ikusten utzi. Anabitartek ez zuen Irisarri abizena gogoratzen, baina bai Basotxikiko Garmendia familiakoa zela.
Irisarri hil eta gero, Garmendiak Nieves eta Salvador seme-alabak berak bakarrik aurrera atera behar izan zituen. Irisarrik udalaren gas fabrikan lan egiten zuenez, Garmendia udalera joan zen lan eske, baina Bulebarreko komunak garbitzeko eskaintza baino ez zioten egin, seme-alabak adopzioan emateko iradokizuna egitearekin batera.
Nieves ahizparen laguntza jaso zuen azkenean Garmendiak, eta berarekin hazi zen Nieves alaba. Salvador, aldiz, amarekin gelditu zen Basotxikin. Nieves alabak ez zuen inoiz aitari buruz hitz egin amarekin, bere izebak kontatu zion istorio guztia.
Oraindik gorpuzkien bila
2014an Donostiako Udalak franksimoak fusilatutako pertsonak omendu zituen, Dual eskultura inauguratzearekin batera. Irisarriren izena dago eskultura horretan, eta Nieves alabak oroitzapenezko intsignia bat jaso zuen.
Hala ere, beste familia askoren moduan, Irisarriren familiak oraindik ez daki non dauden gorpuzkiak. Horregatik, azalpen baten bila jarraitzen dutela nabarmendu du Nievesek: “Zer gertatu zitzaion jakin nahi dugu, tristea baita oraindik hezurrak non dauden ez jakitea. Ez naiz urte asko biziko, baina lasai geldituko nintzateke aita non dagoen jakinda”.