Elkartasuna, bizirauten laguntzeko
Donostian jaiotako Zaporeak proiektua 2016tik ari da Greziako errefuxiatu kanpamentuetan kalitatezko janaria banatzen. Bere kideak Lesbos uharteko Moria kanpamentuan daude orain, han bizi diren pertsonek jasaten dituzten bizi baldintza latzak arindu eta salatzeko helburuarekin. Hango gobernuak jartzen dizkien trabak saihestuz, arriskuz beterik datorren negurako prestatzen ari dira.
Zaporeak proiektuak egunero 1.500 bat anoa banatzen ditu Moriako kanpamentu militarrean bizi diren pertsonen artean. 2.000 banatzera ere iritsi izan da, baina duela hiru aste Greziako Gobernuak bere distribuzio puntu nagusia itxi zuen, Team Humanity gobernuz kanpoko erakundearen eguneko zentroa, eta geroztik bere kideak egoera berrira moldatu behar izan dira, beste GKE batzuen espazioak baliatuta.
Gobernuaren traba amaigabeak eta kanpamentuan suertatzen diren tirabirak kudeatuz, euren jarduna etengabeko inprobisazioan oinarritu dute Zaporeakekoek. Zorionez, hilabete eta erdiro Euskal Herritik kamioi batean iristen zaizkien elikagaiek guztiz beharrezkoa den zerbitzu honen egonkortasuna mantentzen dute.
Makarroiak, lekaleak, arroza… Sei astean behin jasotzen duten kontainerrak 24 tona elikagai dakartza aldiro, eta janari hori Lesbosen bertan erositako produktu freskoekin batera kozinatzen dute Moriatik hamabost bat minutura duten sukaldean. Zaporeaken xedea kalitatezkoa eta errefuxiatuen gustukoa den janaria eskaintzea da, eta horretarako, 400 gramoko anoak banatzen dituzte egoera zaurgarrienetan bizi diren pertsonen artean, fruta pieza batekin eta ogi pusketa batekin batera.
Egiten dutena ez da nahikoa, ordea, Moriako kanpamentuan nekez bizi diren milaka pertsonen gosea asetzeko. Berez, gobernuak kontrataturiko catering zerbitzu pribatuari dagokio haiei jaten ematea, baina errefuxiatuek eta errealitatearen lekuko diren GKE-ek hainbatetan salatu dute han eskaintzen den zerbitzua oso prekarioa dela. Kanpamentuko biztanleek hiru ordukoak izan daitezkeen ilarak egiten dituzte kalitate eskaseko 100 gramoko errazioak jasotzeko, eta gose izan arren, zenbaitetan janariari uko egitera iritsi izan dira zerbitzu hobe bat aldarrikatzeko asmoz.
Baldintza tamalgarriak
Greziako Lehen Ministro berriak, Kyriakos Mitsotakis eskuindarrak, Egeo itsasoko irletan gainpopulatuta dauden kanpamentuak husteko prozesu bat iragarri du. Azaldu duenez, bere asmoa asilo eskaeren tramitazioa arintzea eta 2020rako 10.000 migrante Turkiara bidaltzea da. Kanpamentu horietan bizi direnen bizi baldintza tamalgarriak hobetzeari buruz, aldiz, ezer ere ez. Morian 12.000 errefuxiatu bizi dira 3.000 pertsonentzat diseinaturiko espazioan, eta haien egoera guztiz jasangaitza bilakatu da.
Malen Garmendia irundarrak gertutik ezagutzen du han bizi duten errealitatea. Zaporeak proiektuaren Lesbosko koordinatzailea da, eta berarekin lan egiten duten sukaldariarekin eta boluntarioekin batera, Moriako haur eta emakumeei egunero jaten emateaz arduratzen da. “Kanpamentuko pertsonak animaliak bezala tratatzen dituzte”, azaldu du, eta negua hurbildu ahala, egoerak okerrera egingo duela aurreikusi du.
Moria gainezka dagoenez –bizitoki gisa erabiltzen dituzten kontainerretan 20 pertsona inguruk egiten dute lo–, Lesbosera iristen diren errefuxiatuak kanpamentutik 400 metrora dagoen olibadia batera bidaltzen dituzte orain militarrek. Garmendiak azaldu duenez, “kanpin-denda batzuk ematen dizkiete eta haien kabuz moldatu behar dira hortik leku bat topatzeko”. Gero eta beteagoa dagoen olibadia malda batean kokatuta dago, ordea, eta euri-jasa handiak iristerakoan hor ur-jauziak sortuko direla nabarmendu du Zaporeakeko kideak.
Gainera, aurreko urteetako hotzaldiek osasun arazo larriak eragin zituztela gogoratu du, eta hainbat pertsona, haurrak tarteko, hilzorian egon izan direla azaldu du: “Orain arte, neguan, ACNUR-ek hoteletako zenbait gela eskaini izan dizkie egoera zaurgarrienetan zeuden familiei, baina, dirudienez, aurten ez da halakorik gertatuko, gobernuak horretarako asmorik agertu ez duelako”. Hori dela eta, Moriako kanpamentuan datozen hilabeteetan “erabateko desastre bat” biziko dela iragarri du Garmendiak.
“Erloju-bonba bat”
Moriako biztanleek jasaten dituzten bizi-baldintza kaskarrek tentsio-sozial handiko egoera bat sortu dute kanpamentuan. Garmendiaren hitzetan, edozein unetan eztanda egin dezakeen “erloju-bonba” bat bilakatu da: “Jendea haserre dago, preso eta elikatu gabe dagoelako. Euren eskubideak eta oinarrizko beharrak ez dira betetzen, eta agintariei ez zaie inporta”.
Egoera horretan, ezbeharrak gertatzea guztiz normala dela adierazi du Zaporeakeko kideak. Abuztuan, nerabe batek bizia galdu zuen kanpamentu barruan gertaturiko borroka batean, eta irailean, berriz, kamioi batek jolasean zebilen haur bat harrapatu eta hil zuen. Horrez gain, iraila amaieran, emakume batek eta beste haur batek bizia galdu zuten Moriako kontainerretako batean sorturiko sute batean. Azken gertakari horrek kanpamentuko biztanleen protestak eragin zituen, eta beste hainbatetan bezala, poliziak haien aurka oldartuz eta gas boteak jaurtiz erantzun zuen.
Une honetan, bi pertsonen arteko bultzada txiki batek egundoko liskarra eragin dezakeela dio Garmendiak: “Halako edozein gertakariren aurrean, zergatia zein izan den ikertzeak ez du inolako zentzurik, zergatia egoera bera delako”. Bere ustez, Morian edozer gauza gerta daiteke orain, jendearen amorruak gainezka egin duelako.
Gainera, kanpamentuko emakumeak eta haurrak erabat babesgabetuta daudela azaldu du Zaporeakeko kideak, bortxaketak gauero gertatzen direla azpimarratuz: “Leku hau ez da segurua ez haurrentzat, ez emakumeentzat, ez inorentzat”.
Malen Garmendia, Lesboseko koordinatzailea
“Kanpamentuko jendea haserre dago, eta lekua ez da segurua ez haurrentzat, ez emakumeentzat, ez inorentzat”
Jasaten ari diren baldintzen ondorioz, Moriako biztanleak gaixotasun mental larriak garatzen ari dira, Garmendiaren ustez “horrela bizitzea psikologikoki txikitzailea delako”. Etorkizun hobe baten bila etortzen dira, baina errefuxiatuentzako kanpamentuetako preso bilakatzen dira, eta euren egonaldiak bi urtekoak izatera iritsi daitezke. Tarte horretan, zain egoten dira, ezagutzen ez dituen norbaitek haien etorkizuna zein izango den erabakitzearen zain.
Itxarote hori igarota, bi erantzun posible jaso ditzakete. Batetik, asiloa eskaini eta beste leku batera mugitu ditzakete, norakoa ezagutu gabe. Bestetik, eskaera ukatu eta paperik gabe utz ditzakete, kanporatze arriskuan, zereginik gabe eta itxaropenik gabeko egoera batean harrapatuta. Dena dela erantzuna, hura jaso arte, Morian bizi den pertsonak ez daki bere bizitzaz zer izango den, eta zama latz hori jasanez, hesiz inguratuta bizirautera kondenatuta dago.
Ustelkeria eta GKE-ekiko presioa
Zaporeakek eta Moriako kanpamentuaren inguruan lanean ari diren gainerako GKE-ek Greziako gobernuaren presioak salatu izan dituzte hainbatetan. Antza denez, militarrek kanpamenturako sarrera ukatzen diete askori, eta gobernuak egun batetik bestera egiten dituen ikuskaritzen bidez, hainbati egoitzak itxi dizkiete azken hilabeteetan. “Nahi izanez gero, lokala itxi egingo dizute, dena dela arrazoia, eta zure egoera erregularizatu eta berriro martxan jartzen zaren arte denbora luzea igaroko da, Greziako burokrazia izugarri motela delako”, azaldu du Garmendiak.
GKE-ek Lesbosen egiten duten lanak errefuxiatuen baldintza latzak arintzen laguntzen duen arren, gobernuak hortik kanpo nahi dituela uste du Jaione Berridik, Zaporeakeko boluntarioen arduradunak, eta argi dauka zein den horren arrazoia: “Gobernuak ez du han gertatzen ari denaren lekukorik nahi, besterik gabe. Teorian, errefuxiatuek ostatua dute kanpamentuan, eta baita elikagaiez hornitzen dituen catering zerbitzu bat ere. Oinarrizko beharrak aseta dituztela suposatzen da, baina galdera da ea zein modutan jasotzen dituzten zerbitzu horiek. Eta erantzuna da hor dauden errefuxiatuen bizi-baldintzak guztiz penagarriak direla”.
Jaione Berridi, boluntarioen arduraduna
“Gobernuak ez du han gertatzen ari denaren lekukorik nahi, errefuxiatuen bizi-baldintzak penagarriak direlako”
Horren atzean zerbitzuen prekarizaziotik etekina ateratzen ari diren enpresak eta militarrak daudela salatu du Berridik: “Ministerioak catering zerbitzurako dirua jartzen du, baina negozio horren arduradunek interes propioak dituzte, eta horiek ez dute zerikusirik errefuxiatuen ongizatearekin”.
Ustelkeria eta prekarietate hori salatu ditzaketen bakarrak eremuan lan egiten duten GKE-ak eta kazetariak dira, eta Zaporeakeko kideak gobernuak haiei trabak jartzen jarraitu duela uste du: “Ez dute begirik nahi. Kanpamentuak nukleo urbanoetatik urrun eraiki dituzte horregatik. Zu Greziara joan zaitezke eta zure oporrak han dagoenaz jabetu gabe igaro ditzakezu”.
Hazten doan elkartasuna
Zailtasunak zailtasun, Zaporeak proiektuak hazten jarraitzen du, eta azken hilabeteetan hainbat delegazio ireki ditu Euskal Herri osoan zehar. Besteak beste, janari eta diru bilketan lagunduko duten lantalde berriak sortu dituzte Nafarroan, Araban eta Bizkaian, eta baita Gipuzkoako hainbat puntutan ere. Egun, 200 bat pertsonek hartzen dute parte guztira Zaporeaken jardunean, eta azken urte eta erdian Greziara boluntario gisa joateko 900 bat eskaera jaso dituzte.
Udaran bere zazpi sortzaileetatik bostek albo batera egin zutenetik, Zaporeakek aldaketa prozesu bat abiatu du, egitura berritu eta funtzionamendu hobe bat bilatze aldera. Orain, proiektuak lortutakoari behar bezalako jarraitutasuna emateko erronka dute taldean jarraituko duten kideek, azken urteetako ibilbidea egin duten lagunen esfortzu nekaezina eskertuz.
Etorkizunari begira, argi dute lanik ez zaiela faltako, datorkienak ez baitauka orain artekoak baino itxura hoberik. Berridik eta Garmendiak bat egiten dute horretan: ”Errealitateak hor jarraituko du, gizarteak ikusi edo ez, eta jendea bizitza hobe baten bila etorriko da, harresiak eraiki arren”.