Erdialdean babesturiko etxebizitzak eraikitzen hasiko da Zorroaga Fundazioa
Adineko 36 pertsonentzako lekua izango du eraikinak, eta astelehenean hasiko dira lanekin. Arrasate kaleko 51. zenbakian egongo da eraikin berria. Zorroaga Gainean fundazioak dituen instalazioetatik kanpo izango duen lehen baliabidea da.
Prim kaleko 13. zenbakian kokatutako beste eraikin baten salmentaren bidez finantzatu dute. EBA eraikuntza enpresari adjudikatu dizkiote obrak, eta 3,6 milioi eurokoa aurrekontua. Bi urte beharko dituzte lanak bukatzeko.
Erabateko gaitasunak dituzten adineko pertsonentzat izango dira 36 egoitza plaza horiek. Bestalde, 30 plaza izango dituzte eguneko zentro batean, mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonek. “Ekipamendu hau aitzindaria da Donostiako erdialdean kokatuta egongo delako. Adineko pertsonak aktibo mantentzen lagunduko dugu, era horretan, beren harreman sozialak eta gizartearekiko lotura mantentzeko”, azaldu du Aitziber San Romanek, Gizarte Ekintzako zinegotziak.
Babesturiko etxebizitzak
Eraikinak bost solairu izango ditu. Bertan 34 etxebizitza egongo dira. 36 pertsonentzako plazak egongo dira guztira, 60 urtetik gorako adinekoentzako guztiak: bai erabateko gaitasunak dituztenentzat, bai mendekotasun maila arina dutenentzat (0 eta 1 mailan balorazio eskalan). Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren solairuei dagokienez, banakako zortzi etxebizitza egongo dira solairu bakoitzean. Etxebizitza bakoitzak 28 metro karratu izango ditu gutxienez, baita komun egokitua, sukaldea eta egongela-logela ere.
Ezaugarri bereziak direla eta, banakako zazpi etxebizitza egongo dira laugarren solairuan; eta bosgarren solairuan, berriz, beste hiru etxebizitza (bi bikoitz eta banakako bat). Horrez gain, 48 metro karratuko terraza batera sarbidea duen gela komun bat ere izango du azkenengo solairuak. Bestalde, eraikinak hiru sarrera izango ditu kale mailan: bat etxebizitzetara joateko atarira, eskaileretara eta igogailura sartzeko; bestea, eguneko zentrora sartzeko eta hirugarrena, langileentzako. Erdisotoko solairuak espazio hauek izango ditu: gela komun bat, etxebizitza babestuetan biziko diren pertsonentzat; barne patio bat eta ikuztegi bat.
Eguneko zentroa
Mendekotasun egoeran dauden 30 pertsonentzako plazekin, eguneko zentro berriak ekipamendu hauek izango ditu: bulego bat bertan lan egiten duten pertsonentzat; gela komun bat, estimulazio fisiko zein kognitiboko jarduerak egiteko; 4 komun egokitu eta jangela bat. Eguneko zentroaren azalera 249 m²-koa izango da guztira.
II. eta III. mendekotasun maila duten adineko pertsonei dago zuzenduta baliabide hau: hau da, senideekin bizi dira, baina arreta profesionala behar dute, familiek, adineko senidea zaintzeaz gain, beren lana zein betebehar pertsonalak egin ahal izateko. Bi baliabide horietako plazen esleipena –apartamentu babestuena eta eguneko zentroko plazena– Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte zerbitzuen bidez egingo da.