"Guretzat, aukera ikaragarria izan zen Hondarribiko blues jaialdian jotzea; tranpolin bat izan zen"
Duela bi urte argitaratu zuen Noa Egigurenek (Erdialdea, 1983) bere lehen blues diskoa Noa Voll Damn & The Hell Drinkers taldearekin. Bere ahots indartsua Euskal Herri osotik entzun dute, eta orain bigarren diskoa grabatzen ari dira.
Zergatik aukeratu duzu La Kaba?
Nagusia, Asier, ezagutzen dugu, Malandrinon lan egiten zuenean beti joaten ginelako hara. Taberna hau ireki zuenean, etortzen hasi ginen. Primerako zerbitzua daukate, pintxoak oso goxoak daude, kañak ondo botatzen dituzte eta bermuta ere oso goxoa dago. Gainera, beti jartzen dute musika ona.
Grosetik ibiltzen zara?
Grosen bizi naiz, eta normalean hemendik ibiltzen naiz. Taberna txikiak eta familiarrak gustatzen zaizkit.
Horrelako gero eta taberna gutxiago daude Donostian.
Orain mota guztietako tabernak ikusten dira. Modernoak ere gustuko ditut, baina betiko tabernak gustatzen zaizkit gehien. Azkenean, horrelakoetan harremana sortzen duzu nagusiarekin eta zerbitzariekin, eta musika eskatu edo gomendatu dezakezu.
Ia bi urte pasa dira Dokan zuen lehen diskoa aurkeztu zenutenetik. Nolako harrera izan du diskoak?
Oso pozik gaude harrerarekin. Nahiko azkar atera genuen lehen diskoa, duela bi urte eta erdi aurkeztu baikenuen Noa Voll Damn & The Hell Drinkers taldea Altxerrin, eta diskoa urte bereko abenduan atera genuen.
Orain bigarren diskoa grabatzen ari zarete, ezta?
Pixkanaka abestiak konposatzen joan gara, eta bigarren diskoa abesti propioekin izango da. Urduritasun polit horrekin gaude. Lehenengo diskoak blues musikako betiko klasikoen bertsioak zituen, gure erara joak, rock kutsu horrekin, alegia. Baina taldea sendotzen joan da, konposatzeko kuriositatea sortu zaigu eta zazpi abesti atera zaizkigu. Zazpi abesti propio eta Koko Taylorren bertsio bat izango ditu diskoak, eta abenduan aterako dugu. Gainera, zuzeneko eran grabatzea erabaki dugu, estudioan denak batera jotzen, alegia. Horrela, bluesa bihotzetik ateratzen da.
Noa & The Hell Drinkers gisa aurkeztuko dugu disko hau, ‘Voll Damn’ hori edan baitugu [barreak]. Broma moduan jarri genuen Noa Voll Damn & The Hell Drinkers, garagardo markarekin eta ingelesez ‘madarikatua’ esan nahi duen damn hitzarekin jolastuz, baina orain kentzea erabaki dugu.
Nola aldatu da taldea urte hauetan?
Gure asmoa zen ahalik eta gehien zuzenean jotzea, hori delako gehien gustatzen zaiguna, eta hor dagoelako gure indarra. Aukera asko izan ditugu horretarako, blues jaialdietan bereziki. Hor dago gure publiko sendoena, bluesa gustuko duena blues kontzertu eta jaialdietara joaten baita. Hondarribiko blues jaialdian jotzea, esaterako, nire bizitzako egunekin hoberena izan zen, gure bluesa aurkezteko aukera eman zigutelako. Hortik aurrera, dena aukerak izan dira: Besteak beste, Benicassimgo, Burlatako eta Tolosako blues jaialdietan jo dugu, baita Jazzaldian ere, Fnac gunean. Horrela, pixkanaka blues eszenan hanka sartzen joan gara.
Taldea sendotu egin da, baina aldatu ez dena da zein ondo pasatzen dugun jotzen. Beti izan gara lagunak, baina urte hauetan gure arteko harremana sendotu egin da; oso urte politak izan dira.
Hondarribiko blues jaialdia desagertu egin da aurten.
Guretzat, aukera ikaragarria izan zen Hondarribiko blues jaialdian jotzea; tranpolin bat izan zen taldearentzat. Jaialdia irekitzea eskaini baitziguten, agertoki handian. Espero dugu datorren urtean itzultzea.
Benicassimen, gainera, Hondarribiko blues jaialdiaren izenean sari bat jaso zenuten.
Bai, eta oso polita izan zen, ikusten zelako jendeak ez zuela nahi jaialdia desagertzea. Nire ustez, denok eskatzen badugu, itzuliko da.
Nola ikusten duzu Donostiako blues eszena?
Gero eta blues musikari gehiago daude inguruan. Betidanik bluesa jo dutenak daude, hala nola, Tolosako Iker Piris edo Paul San Martin. Baina gero sortu berri diren taldeak daude, Mojo Hand gure lagunak edo gu geu bezala. Uste dut pixkanaka gero eta kontzertu gehiago egiten direla. Jam session-ak ere egiten dira tabernatan, eta espero dut hori ez galtzea. Batzuetan ematen du blues musika gauza zahar bat dela, baina gero kontzertuetan ikusten duzu jendeak musika beltza gustuko duela, baita etxean entzuten ez duen jendeak ere. Uste dut gero eta gehiago entzuten dela bluesa gure inguruan, eta Hondarribiko jaialdia itzultzen bada are gehiago entzungo da.
Oso ohikoa da blues kontzertuetan zu ikusleen artean ikustea. Zale bat gehiago zara?
Hori da! Kontzertu pilo bat ikustera joaten naiz, hori delako egin behar dena; ez soilik jendea zure kontzertuetara etortzea, baizik eta zu ere besteen emanaldiak ikustera joatea.
Gainera, askotan abestera gonbidatzen zaituzte.
Bai, elkar gonbidatzen gara. Oso polita da kolaborazioak egitea, ezer esan gabe sortzen badira, batez ere. Lehengo egunean, esaterako, Altxerrira joan ginen Iker Piris eta Nico Wayne Toussaint ikustera, eta abestera gonbidatu ninduten. Azkenean lagunak gara, eta askotan egiten dugu hori. Blues komunitatea handitzen joatea espero dut.
Beste proiektu batzuk dituzu?
Les Fous hirukotearekin hasi nintzen aspaldi, eta hor jarraitzen dut. Hirugarren diskoa atera genuen, eta orain mantsoago gabiltza. Bestalde, Spread Your Swings jazz, swing eta soul taldean ere abesten dut, eta gaur Urban Coffe tabernan joko dugu. Azkenik, Ispirit gospel taldean ere banago, Lide Hernando eta Lidia Insaustirekin, eta Gabonetan kontzertu dezente emango ditugu. Beti musika beltzaren saltsan nabil [barreak].
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Nire anai handiak, txikitan, bluesa jartzen zidan, eta aitak jazza eta gospela. Beraz, garai hartan, Eric Clapton asko gustatzen zitzaidan, baina baita Koko Taylor, Etta James, Big Mama Thornton ere, blueswomenak. Bestalde, Mahalia Jackson asko gustatzen zitzaidan gospelean, eta Ella Fitzgerald eta Sara Vaughan jazzean. Beti emakume sendoak, ahots indartsuarekin.
Hala ere, 25 urte izan nituen arte ez nintzen frontwoman gisa aurkeztu. Ondoren, blues taldearekin barruan neukan guztia atera nuen.
Gero eta emakume gehiago ari dira bluesa egiten?
Pozik nago ez direlako emakume abeslariak soilik ikusten, emakume musikariak ere gero eta gehiago ikusten direlako.
Gomendatuko zenuke Donostiako talde edo musikariren bat?
Mojo Hand taldea esango dut. Blues eta rhythm & blues klasikoa oso ondo jotzen dute, eta ez dut esaten soilik gure lagunak direlako.
HAMABIETAN BERMUTA: Bermuta eta bakailao nokelesia.
Non. La Kaba taberna. Miguel Imaz kalea, 8 (Gros).
Prezioa. 4,90 euro.