Udalinforen arreta zerbitzurako makina berria aurkeztu dute
Donostiako Udalak abian jarri ditu Udalinfo bulegoetan jarriko diren herritarren arretarako lehenengo makinak. Autogestio zerbitzua dagoeneko erabili daiteke udaletxeko eta Morlansko bulegoetan; astelehenetik ostiralera (9:00-20:00). Aurrera begira, Arroka kalean irekiko diren bulegoetan ere beste makina berri bat jarriko dute.
Momentuz tramite bakarra egon daiteke: erroldaren agiria. Hau da herritarrek gehien erabiltzen duten tramitea, Udalinfon egiten diren guztien %40 gutxi gorabehera. Dena dela, hurrengo hilabeteetan gailu gehiago eskuragarri jarriko dituzte. Dokumentuen eskanerra jarriko dute paperezko dokumentazioa eskaneatu eta erregistratzeko, NAN eskanerra pertsona identifikatzeko, USB sarrera dokumentu digitalak erregistratzeko, baku txartel irakurgailua ordainketak egiteko, barra-kode irakurgailua ordainagiriak eta bestelako dokumentuak identifikatzeko, eta inprimagailua dokumentuak paperean inprimatzeko.
“Makina hauek Donostiako Udalaren hiritarren arretaren digitalizazio prozesuaren barne kokatzen dira. Hauek udal administrazioaren modernizazio prozesuaren beste pauso bat dira eta zerbitzu publiko honen hobekuntza ekartzen dute”, azaldu du Juan Ramon Viles Gobernantzako zinegotziak.
Makinetan tramiteak egitera hurbiltzen diren herritarrei laguntzeko Udalinfoko langileak egongo dira 9:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara, astelehenetik ostiralera.