Afari-solasaldiak egingo dituzte Groseko Tedone jatetxean
Denboraldi bateko etenaldiaren ondoren, berriro egingo dituzte afari-solasaldiak Groseko Tedone jatetxean. Hiru saio antolatu dituzte, hain zuzen, bi libururen aurkezpena eta hitzaldi bat. Azaroan egingo dituzte, eta afaldu bitartean, aurkezpenak entzungo dituzte parte hartzaileek, ondoren, solasaldia egiteko. Lehen saioa azaroaren 7an, ostegunean, egingo dute, 19:45ean, eta Juanan Guisasolak Nadie liburua aurkeztuko du; saioa gaztelaniaz izango da.
Bigarrena, azaroaren 14an, ostegunean, izango da, ordu berean, eta Xabier Berasaluze Leturiak Tarrapatan, pandero baten ibilbidea liburua aurkeztuko du euskaraz. Liburuan, astebetean panderoa ikasteko metodoa idatzi du Xabier Berasaluze Leturiak, eta, bere bi panderorekin izandako elkarrizketa ere jaso du. Musikariak panderojole gisa bizitako pasadizoak kontatzen ditu, trikitilarien munduko ohiturak, baita bitxikeriak ere.
Azken saioa, azaroaren 28an, ostegunean, izango da, eta Greenpeaceko kideak gonbidatu dituzte horretarako. Hain zuzen, Fashion arroparen inpaktua izeneko hitzaldia egingo dute gaztelaniaz, 19:45ean. Hitzaldiaren helburua izango da arroparen kontsumoarekiko alternatiba aurkeztea, aztarna ekologikoa eta soziala txikitzeko.