Anoeta estadioaren birmoldaketak %7,5 murriztu du udalaren 2020ko aurrekontua
Alkateak eta Ogasun zinegotziak aurkeztutako zirriborroaren arabera, udalak 432.540.636 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du datorren urtean, 2019koa baino ia 35 milioi euro gutxiagokoa. Hala ere, gastu soziala %3 handituko da.
Donostiako Udalaren 2020ko aurrekontu kontsolidatua, udal elkarteak ere kontuan hartzen dituena, 432.540.636 eurokoa izango da, 2019koa baino %7,5 txikiagoa. Eneko Goiak azaldu duenez, murrizketa horren arrazoi nagusia oraindik amaitzear dagoen Anoeta estadioaren birmoldaketa lanak dira. Hain zuzen, horren ondorioz udalaren kapital-gastua 115 milioi eurokoa izatetik 69 milioi eurokoa izatera pasa dela zehaztu du alkateak.
Goiak eta Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak astelehen aurkeztu dute aurrekontuaren zirriborroa, eta Tokiko Gobernu Batzordeak onartu egingo du asteartean. Udalbatzaren onespena, berriz, abenduaren 19an jasotzea espero dutela iragarri dute hedabideen aurrean eginiko agerraldian.
Gastu sozialak gora
Aurrekontua murriztu egin den arren, datorren urteko gastu soziala %3 haziko dela nabarmendu du Dominguez-Macayak. Zehazki, udalak 31,7 milioi euro bideratuko ditu gizarte-babesa eta sustapenarekin lotura duten aurrekontu-sailetara.
Besteak beste, zahar-etxeetan egingo diren berrikuntza lanak, ikastetxeetan egingo diren hobekuntzak eta bazterkeria soziala jasaten duten pertsonentzako tutoretzapeko etxebizitza berrien sustapena nabarmendu dituzte udaletik.
Jarraian, 2020an egingo diren inbertsio nagusiak:
- Eskusaitzetako urbanizatzea (8.900.000 €)
- Loiolako ibilbidea (3.750.000 €)
- Iztuetako biaduktua (3.000.000€)
- Altzako kiroldegia (2.500.000 €)
- Merkeareko futbol zelaia (1.250.000€)
- Zubietako hockey zelaia (1.206.641€)
- Altzako Kiroldegiko kanpoko igerilekuak (1.200.000€)
- 17 lineako BEI proiektua (1.500.000€)
- Zahar-etxetako hobekuntzak (1.248.412€)
- Astiñene zubia (1.130.000€)
- Zolaketa eta asfaltatze lanak (1.125.000€)
- Altzako Kiroldegi inguruko hirigintza lanak (900.000€)
- Haizearen Orraziaren birgaitzea (600.00€)
- Ikastetxetako hobekuntzak (330.000 €)
- Hobekuntzak irisgarritasunean (200.000€)
- Espartxo zubia (105.000€)