Bernardo Atxagak irekiko du Literaktum jaialdia
Azaroaren 11tik 24ra egingo dute Literaktum jaialdia, eta “Euskal Herriko literaturako figura garrantzitsuenetako batekin” hasiko dute. Hain zuzen, Bernardo Atxagak Etxeak eta hilobiak liburua aurkeztuko du azaroaren 11n, 19:30ean, Ernest Lluch kultur etxean. Egilearen arabera azkena izango den nobela aurkezteko Peio Elzabururen laguntza izango du.
“Bere nobelaren pertsonaiei esker, bere bidean noraezean dabiltzanak diruditen errealitateetara murgiltzen gaitu, errekak bezala isurtzen direnak, baina hondoan norabide berean elkartzen direnak, arrastaka doan korronte baten antzera, eta etengabeko mugimenduan mantentzen gaituztenak. Bernardo Atxagaren oso lan pertsonala da hau, non betiko idazlea topatzen baitugu, baina heldutasunak ondutako begiradarekin”, azaldu dute antolatzaileek.
Gainera, aurreko asteburuan, azaroaren 8an eta 9an, Atxagak ikastaro bat emango du kultur etxe berean: Nola jarri zintzarria katuari. Ikastaro trinko horretan askotariko testuak aztertuko ditu idazleak, hala bereak nola beste idazle batzuenak, literaturaz duen ikuspegia eta literatura teknikak azaltzeko helburuarekin. Azaroaren 8an 16:00etatik 20:00etara izango da ikastaroa, eta azaroaren 9an, 10:00etatik 13:00etara. Izen ematea Donostia Kulturaren webgunean eta kultur etxean bertan egin daiteke; kultur etxean astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.