Emakume futbolariek azaroaren 16-17ko jardunaldian hasiko dute greba
Berria egunkariaren arabera, ez da akordiorik egon sindikatuen eta Kluben Elkartearen artean Madrilen egindako adiskidetze ekitaldian. Beraz, grebarako tramiteek aurrera segitzen dute, eta, epeak kontuan hartuta, asteburu hau izango da jokalariek jokatuko duten azken jardunaldia, akordioa lortu bitarte. Realak larunbatean izango du hurrengo partida, Sevillaren aurka.
Lanaldiaren iraupenean dago kluben elkartearen eta futbolarien arteko desadostasun nagusia. Horrek apurtu zituen elkarrizketak, eta egoera ez da bideratu. Izan ere, lanaldia gutxienez %75ekoa izatea eskatzen dute futbolariek; kluben elkarteak —bertan dira klub guztiak Athletic, Bartzelona eta Tacon izan ezik—, berriz, jardun erdian jarri dute muga.