Isaken golak gorantz begira jarri du Reala
Igandean Celtaren aurka lorturiko garaipenarekin, Imanol Alguacilen taldeak taularen gaineko aldean amaitu du ligako hamargarren jardunaldia. Zehazki, Realeko mutilak hirugarren postuan daude orain, Granadaren eta partida bat gutxiago jokatu duen Bartzelonaren atzetik, eta horrek Zubietakoen adorea puztu du. Alexander Isakek Vigoko neurketako azken minutuetan eginiko golak jarraikako bigarren garaipena eman dio talde donostiarrari, eta zaleek gorantz begira egiten dute amets orain. Kontuan hartu beharra dago, ordea, Realaren atzetik puntu kopuru bera duten bi talde daudela, Atletico Madril eta Sevilla, hain zuzen, eta baita oraindik ibilbide luzea geratzen dela ere.
Neskei dagokienez, berriz, jardunaldia ez da hain oparoa izan, Gonzalo Arconadaren taldeak ezin izan ziolako Zubietan indartsuagoa izan zen Atletico Madrili aurre egin.
Izotz hockeyan, aldiz, asteburua paregabea izan da Txuri Urdinen bi taldeentzat. Emakumeen taldeak egundoko partida egin zuen Uharten, zortzi gol eginez, eta gizonenak, berriz, Bartzelona garaitu eta liga sailkapenaren burua berreskuratu zuen.
Saskibaloian, azkenik, Ibaeta Basketek porrot berri bat jaso zuen, bereziki gogorra, puntu bakarreko aldearekin galdu baitzuen Tenerifeko Clarinosen aurka.
IZOTZ HOCKEYA
Emakumezkoen senior maila, 4. jardunaldia
- Kosner CH Uharte 0 – 8 Txuri Urdin
Giznezkoen senior maila, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin 4– 3 Bartzelona
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 6. jardunaldia
- Clarinos 67 – 66 Ibaeta Basket
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Reala 1 – 4 Atletico
Gizonezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Celta 0 – 1 Reala