Kontxako barandaren berritze lanak hasi dituzte
Kontxa pasealekuan egiten ari ziren euri-uren kolektorearen lanak bukatu dituzte, eta Kontxako barandaren azken zatia berritzeko lanak hasi dituzte. Antiguako tuneletik Bigarren Mendeurreneko Balkoira doan zatia berrituko dute orain (200 bat metro), eta, zati hori bukatzean, balkoi horretatik La Perla bainuetxera doan zatia. Obras Especiales de Edificacion e Infraestructuras SAU enpresari adjudikatu dizkiote lanak, eta 1.222.554,19 euroko aurrekontua dute. Portoko enpresa bat ari da barandaren pieza berriak egiten.
Barandaren zatiak desmuntatzen hasiko dira orain, baita baranda heltzen duten ostikoak, inguruko zintarria eta pasealekuko kale-argiak ere. Era berean, aldamio bat jarriko dute pasealekuan, eta kostaldeko hormaren goiko partea berrituko dute. Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak azaldu duenez, “operazio konplexua da, eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako behin-behineko desbideraketak behar ditu”. Izan ere, lanek pasealekuko oinezkoen zati osoa hartuko dute, beraz, oinezkoek egungo bidegorritik joan beharko dute, eta bizikletek orain arte euri-uren kolektorearen lanengatik itxita egon den erreitik. Azaroaren 30etik aurrera egingo dituzte desbideraketak.
Euri-uren kolektorea
Azken asteetan itxita egon da Kontxa pasealekuko errei bat, euri-uren kolektore berri bat jartzeko lanak egin baitituzte. Izan ere, Garmendiak azaldu duenez, inguruan biltzen ziren euri-urak “zuzenean hondartzara” isurtzen ziren orain arte, eta “hori ez da oso jasangarria ingurumenaren ikuspuntutik”.