Larreko Mahaia aurkeztu dute Donostian, klima larrialdiaren kudeaketa herritarren eskuetan jartzeko
Gipuzkoako hainbat eragileren elkarlanetik jaiotako taldeak larrialdi ekologikoari aurre egitea du helburu, "ordezkaritza politikoaren menpe izan gabe" eta belaunaldien arteko elkarlana oinarri gisa hartuta. Besteak beste, Zubietako erraustegia ez piztea eta hondakinen kudeaketaren gaia berraztertzea proposatu dute.
“Gaur egun bizi dugun krisi ekologikoarekin eta planetaren zein jendartearen etorkizunarekin kezkatuta gauden Gipuzkoako hainbat eragilek egoerari aterabide bat emateko asmoz gure indarrak batzea erabaki dugu”. Hitz horiekin hasi du bere aurkezpena Larreko Mahaiak, hamaika eragileren babesarekin, Egiako parkean eginiko agerraldian.
Gipuzkoan klima larrialdiari erantzun herritar eta bateratua ematea xede duen plataforma hainbat arlotako eragileek osatzen dute: CCOO, LAB, STEILLAS eta EHNE sindikatuek, Ikasle Sindikatuak, Greenpeace, Eguzki eta Extinction Rebellion talde ekologistek, Ernai gazte antolakundeak, Etxalde nekazarien mugimenduak eta GuraSOS-ek eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak.
Mahaia belaunaldien arteko elkarlanean eta herritarren ahalmen eraldatzailean oinarritu dute, eta euren jarduna “ordezkaritza politikoaren menpe izan gabe” garatuko dutela adierazi dute: “Gipuzkoan ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen ereduaren aldaketarantz herritarrak aktibatu eta presioa egiteko jaio gara”.
Gizarte ereduaren ideian sakonduz, “sistema auzitan jarri gabe larrialdi ekologikoari irtenbidea ematea ezinezkoa dela” gogoratu dute, planetak pairatzen dituen ingurumen eta gizarte arazoak sistemak berak erdigunean jarritako “merkatuen hazkunde neurrigabearen ondorio” direla azpimarratuz.
Mundu mailan sorturiko sentsibilizazioa maila lokalera ekarriz, herritarren lidergoa sustatu eta “sistema biozidari” alternatibak proposatu nahi dizkiote, kontsumoa mugatuz eta trantsizio energetikoa eta hondakinen kudeaketa “arrazionala” bultzatuz, besteak beste. Horrela, “sistemak sortzen dituen pobrezia, zapalkuntza, indarkeria, desberdintasuna, prekaritatea eta hondamendi ekologikoarekin amaitzea” espero dute.
Aldaketarako hainbat proposamen
Komunitate zientifikoaren aholkuak jarraituz, beharrezkotzat jo dute planetaren tenperatura igoera 1,5 graduren azpitik mantentzea, eta hori posible egiteko hainbat proposamen egin dituzte. Besteak beste, kontsumoa murriztea eta ekoizpen eta kontsumo harreman lokalak sustatzea, mugikortasun ohiturak birplanteatzea eta garraio publikoa bultzatu eta merketzea, eta energia berriztagarrien enpresa publikoak sortzea eta pobrezia energetikoarekin amaitzea proposatu dute.
Horrez gain, arreta berezia eskaini diote hondakinen kudeaketari, “larrialdi ekologikoan eragin zuzena duen gai bat” dela azpimarratuz. Erraustegiari erreferentzia zuzena eginez, argi hitz egin dute: “ez dugu onartzen errausketa bidez hondakinen arazoari irteera faltsua ematea”. Salatu dutenez, erraustegia “milaka tona CO2 eta NOx isuriko dituen instalazio bat” da, eta klima aldaketa areagotzeaz gain, gipuzkoarren osasunarentzat “mehatxu larria” dela adierazi dute.
Alternatiba gisa, hondakinen kudeaketan hierarkia “zorrotz” bat jarraitzea proposatu dute: hondakinak murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea eta geratzen den errefusari kaltegarria ez den tratamendua ematea.
Politikariei, “azken aldian modan dauden hitz ponpoxoetatik harago” joatea eta neurri eraginkorrak martxan jartzea exijitu diete, eta lehen pausu gisa, bi neurri proposatu dizkiete: Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztea, batetik, eta, hondakinen arazoari irtenbide egoki bat bilatzeko asmoz, eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzea, bestetik.