Metroaren lanen ondorioz San Martin kaleko errei bat itxi dute
Metroaren Erdialdea-Kontxa geltokirako Loiola kaleko sarbidea edo kanoia eraikitzeko lanen fasea abiatu dute gaur, eta horren ondorioz, San Martin kaleko errei bat itxi dute. Donostiako Udalak jakinarazi du lanen eraginak ibilgailu zein oinezkoen trafikoan izango direla. San Martin kaleko mozketa partzialak zortzi bat hilabeteko iraupena izango du, eta aurrerago, bigarren errai baten mozketa gehituko diote.
Gaurtik aurrera, San Martin kaleko hiru bideetatik bat ezeztatu dutenez, ezkerreko bidea Easo kalera desbideratuko dute, eta aurrerantz jarraitu ahal izateko, beste biak erabili beharko dira. Aurrerago, Urbieta kaletik San Martin kalera ezkerrera biratzea debekatuta egongo dela jakinarazi dute. Debeku horren zergatia oinezkoen pasabidearen leku aldaketa da. Pasabidea bidegurutze horretara metro batzuk mugituko da, eta autoen birak oinezkoentzat eragin dezakeen arriskua saihesteko maniobra hori ekidingo da horrela. Gainera, Loiola kalearen eta Artzain Onaren arteko oinezkoen pasabidea baliogabetuko dute. Beraz, bidearen zati horretan dauden alboetako pasabideak bakarrik egongo dira erabilgai.
Autobusetan eraginak
Era berean, Dbusen autobus lineetan aldaketak egin dituzte, 23 Errondo-Puio eta 32 Puio-Errondo lineetan. San Martin 25 geltokia bertan behera geratuko da linea horientzat eta Urbieta 38ra lekualdatuko da.