"Gobernantza Onean eta gardentasunean oinarritutako" gobernu programa aurkeztu du udal gobernuak
Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco Ekonomia Sustapeneko zinegotziak datozen lau urteetarako gobernu programa aurkeztu dute. Programak 500 bat jarduera eta proiektu biltzen dituela jakinarazi dute, eta horiek “Gobernu Onaren printzipioan” oinarritutako hamar ardatz estrategikotan antolatu dituzte. Bi agintariek esan dute udal gobernua osatzen duten bi alderdiak “jakina den bezala, ez direla gai guztietan ados egongo”, baina, funtsean, hiriaren eta donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuak batzen dituela. EAJ eta PSE-EEk osatzen dute udal gobernua, eta Gascok bere egin ditu Goiaren azalpenak: “Kontua ez da EAJ PSE-EE izatea, edo alderantziz, baizik eta gure jarduna hiritarrekiko eta hiriarekiko errespetuan oinarritzea”, adierazi du Gascok.
Goiak azaldu du aurreko legegintzaldiko “balorazio positiboa” ikusita, hasitako erronkei heltzeko beharra jarraituta idatzi dutela programa, eta amaitu gabe dauden proiektu asko errematatzeaz gain, beste asko jarriko dituztela martxan. Alkateak nabarmendu du hemendik aurrerako jarduna “gardena eta Gobernu Onean oinarrituta” egotea nahi dutela, eta horrelako plan estrategiko batek hori lortzen laguntzen duela. PSE-EE-koaren ustez, programa “mardula” idatzi dute, baina “anbizio handiko helburuak” dituena. Era berean, nabarmendu du bi alderdiak “eroso” sentitzen direla programarekin.
Agerraldian, programa horretako ideia nagusiak azpimarratu dituzte Goiak eta Gascok. Programan “hiri proiektu” gisa izendatu dituzten hainbat jarduera zehaztu dituzte, eta Goiaren arabera, horiek “hiria eraldatzeko gaitasuna” duten proiektuak izango dira. “Garrantzia berezia duten proiektuak dira, bai irismen eta exekuzio, nahiz aurrekontu handia dutelako, baita hiriaren etorkizunerako garrantzia handia dutelako ere”, adierazi dute. Besteak beste, multzo horretan kokatu dituzte Marrutxipiko sarbide berria, metroaren proiektua, Kontxa pasealekuko trafikoa lurpetik eramateko aukera, Bretxako gune berriak, Parte Zaharreko Plan Integrala martxan jartzea, eta abiadura handiko trenaren geltoki berria egitea.
Bestalde, beste eragile eta erakunde batzuekin lankidetza izango dela aipatu dute, “ez atzera ez aurrera dauden zenbait gai desblokeatzeko”. Horrela, lehentasunezko helburutzat jo dute armadako Loiolak dituen lurrak berreskuratzea, “etxebizitza politika garatu ahal izateko”, eta Martuteneko espetxearen “amortizazioa”.
Hamar ardatz estrategiko
Joan den legegintzaldian hiriak emandako “salto kualitatiboa” errotzeko helburua dutela baieztatu du Goiak, eta horretarako, hamar ildo nagusi jorratu dituzte 2019-2023 gobernu programan.
Lehen ardatza Kalitatezko enplegua eta garapen ekonomikoa izango da, izan ere, agintariek ezinbestekotzat jo dute enplegua eta aberastasuna sortzea Donostiarrek eta hirian bizitzea erabakitzen dutenek bizi proiektu bat aurrera eramateko baldintza egokiak izan ditzaten. Horretarako, sei helburu estrategiko zehaztu dituzte, eta 70 proiektu aurreikusten dituzte, besteak beste, Talent House II proiektua garatzea, Miramongo Parke Teknologikoaren plan berezia onartzea, Eskusaitzetako poligono industriala garatzea eta 27. poligonoko lotura berria eraikitzea, udaletxean turismo bulego berri bat sortzea, eta Tabakalerako Gastronomy Lab laborategi digitala bultzatzea.
Adierazi dute agintaldi berriko lehentasunezko helburua izango dela hiriko bizi baldintzak orekatzen laguntzea, eta hiriko auzo eta aldeen arteko arrakala murriztea; horretarako, bigarren ardatz gisa zehaztu dute Gizarte kohesioa. Arlo honen barruan zortzi helburu estrategiko jarri dituzte, eta 62 jarduera aurreikusi dituzte. Horietako batzuk dira, esaterako Donostia Lagunkoia hiriko plana bultzatzea, Antiguako Gizarte Zerbitzuetako zentroa handitzea, Etxegintzarekin eta Etxebiderekin elkarlanean bazterketa egoeran dauden pertsonentzako etxebizitza aukerak sortzea, Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeekiko arreta hobetzea, eta abar.
Etxebizitza eta hirigintza ere jorratu dituzte programan. “Jendeak hirian bizi proiektu bat egin ahal izan dezan, aukera izan behar du etxebizitza bat eskuratzeko, bai erosketa bidez, bai alokairu bidez”, adierazi dute. Ildo honen barruan lau helburu estrategiko idatzi dituzte, eta proiektuak gauzatzeko Etxebizitza Planean jasotakoa hartuko dute oinarritzat. Guztira, 42 jarduera jarriko dituzte martxan, eta horietatik nabarmenenak dira alokairuko parkearen kudeaketaren alderdi soziala indartzea, “hiri mugarriak” eraikitzea (Sagues, Easoko trenbide hondartza, AHT geltokia eta Tabakalerako plaza berria, eta Santa Klarako itsasargiko Cristina Iglesiasen “mugarri artistiko berria”.
EAJ eta PSE-EEk “balioekin eta giza eskubideekin konprometitutako hiria izaten jarraitu” nahi dute. Horretarako, Gizalegezko baloreak eta Giza Eskubideak ardatza zehaztu dute programan. Kasu honetan, hamabi helburu estrategiko zehaztu dituzte, eta gizarteko hainbat arlo eta koletibori begirako proiektuak eta jarduerak aurreikusi dituzte. Besteak beste, Emakumeen Etxearen kokapen berria zehaztea, IV. Berdintasun Plana garatzea, jaietan sentsibilizazio kanpainak sustatzea, LGTB+ kolektiboaren eskubideen ikusgaitasuna bultzatzeko lantalde bat sortzea, ikastetxeekin aniztasunaren aldeko lankidetza sustatu Ongi Etorri programaren bidez, igarobidean eta Jolastokieta eta Loiolako Erriberaren Haurreskola berrien garapena.
Bosgarren ildo estrategikoari honako izena jarri diote: Erreferentziazko hiria euskararen, kulturaren, sorkuntzaren eta aniztasunaren sustapenean. Ildo honen barruan txertatu dituzte udalerrian eta udal administrazioan euskararen erabilera areagotzeko helburua eta Donostia Kulturaren estrategia eguneratzeko xedea, adibidez. Horretarako, proposatu dituzten proiektuetako batzuk dira: Mintzodromoak antolatzea Bagera elkartearekin eta euskaltegiekin elkarlanean, Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko KEES metodologia inplementatzea, Donostia kulturaren komunikazio digitala lantzea, gazteen kontsumo digitala kontuan hartuz, eta Haizearen Orrazia UNESCOko gizon-emakume guztion Ondare hautagaitza lantzea.
Gascok hizpide izan du klima aldaketaren aurkako borroka, eta udal gobernuaren ustez, hiriek “eginkizun garrantzitsua” izango dute horretan. Gaineratu dute “pausu irmoak” eman nahi dituztela ekonomia eta ingurumen aldetik sostengarria izango den hiri baterantz, eta zehaztutako seigarren ardatza da Hiri jasangarria. Ildo honetan hiru helburu nagusi idatzi dituzte, eta sustatu nahi dituzten proiektuetako batzuk dira Klima Aldaketaren Udaleko Barne plana diseinatu eta ezartzea, udal eraikinetan autokontsumoaren ekoitzpen berriztagarria %15ean areagotzea, autobus linea elektriko inteligentea ezartzea, Isabel II.aren, Eduardo Txillida eta Garibai kaleen eta Orixe ikastolako inguruak oinezkoentzat jartzea, eta Altzako bizikleta sarearen eta Kontxa-San Martin-Mirakruz bizikleta ardatzaren garapena.
Hiri ereduari begira jarraituz, Hiri irisgarria garbia eta zaindua nahi du udal gobernuak. Hala zehaztu dute zortzigarren ardatzean, eta sei helburu markatu dituzte hori lortzeko. Guztira, 45 proiektu bildu dituzte ildo horretan, eta hirigintzako hainbat alderdi ukituko dituzte: segurtasuna, irisgarritasuna, guni publikoen garbitasuna eta mantentze lanak, saneamendu publikoa, eta abar.
Goia eta Gascoren ustez, udalak “nahitaez” izan behar du kontuan auzoen arteko hurbiltasunaren eta orekaren irizpidea, oinarrizko ekipamenduak diseinatu eta kudeatzeko orduan. Agintaldi honetako gobernu programan, beraz, Lurralde oreka eta kohesioak leku garrantzitsua izango duela azaldu dute. Ildo honen barruan aurreikusten dituzten neurrietako batzuk dira honakoak: Loiolako Astiñene eta Martuteneko Espartxo zubiak egitea, Groseko Iztueta zubibidea, Altzako kiroldegia, Egiako Plaza Haundiko estalki berria eraikitzea, Añorgako eta Loiolako bulbarizazioak, Bera Beraren urbanizazioa, Antso Jakitunaren hiribidearen berrantolaketa, eta abar.
Azkenik, Donostia Hiri osasungarria izateko apustua egin nahi du udal gobernuak, eta programan adierazitakoaren arabera, herritar osasuntsuak izateko helburuarekin, jarduera fisikoa eta kirola egitea, eta emakumeek kirolean berdintasunez parte hartzea sustatuko dute. Udalak kirol instalazioak hobetzeko lan egingo duela agindu dute ere, eta kirol klub eta elkarteekin lankidetzaren beharra nabarmendu dute.