Bentaberriko bizilagun baten etxegabetzea "atzeratu" dutela ohartarazi dute, baina ez "geldiarazi"
Agerraldia egin du Stop Kaleratzeak plataformak, eta argitu dute Bentaberriko bizilagunaren etxegabetzea denbora batez "atzeratu" dela, baina ez "geldiarazi", hedabide batek argitaratu duen bezala.
Herritar ugari elkartu dira Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean Stop Kaleratzeak plataformak egindako protestara. Bentaberriko babes ofizialetako etxeetan bizi den pertsona baten etxegabetzearen harira mobilizatu dira, eta auzoko bizilagunez gain, Alokairuko kideak (Bentaberriko babes ofizialeko etxeetako bizilagunen elkartea, herritarrak, sindikatuetako ordezkariak, eta Elkarrekin Podemoseko eta EH Bilduko ordezkariak egon dira han.
Rosa Garcia plataformako bozeramaileak azaldutakoaren arabera, Testa SOCIMI eta Blackston funts putreek arriskuan jarri dute, beste behin, bizilagun baten etxebizitza eskubidea. Hain zuzen, kaltetua Victoria da, “diru-sarrera prekarioak” dituen erretiratua. 1998an hasi zen Victoria Bentaberriko etxean bizitzen, eta, ordutik, hilabetero alokairua “arazorik gabe” ordaindu duela jakinarazi du bozeramaileak. Erretiratu zenetik 781 eurotako kuota ordaintzeko zailtasunak dituela eta, apirileko, maiatzeko, ekaineko eta uztaileko errentak ezin izan zituen ordaindu. Horren ondorioz, Testa enpresak kaleratze eskaera jarri zuen Donostiako 1. epaitegian. eta azaroaren 8rako zehaztu zuten kaleratzea. Stop Kaleratzeak plataformak “onartezina” dela salatu du, eta jakinarazi du Victoriak abuztutik aurrerako kuotak ordaintzen jarraitu duela.
Victoria hurrengo astean kaleratu behar zuten, baina mehatxu hori bertan behera uztea lortu dutela iragarri dute, “oraingoz”. Hain zuzen, Garciak jakinarazi du plataformak bazuela kaleratzearen atzeratzearen berri, baina ohartarazi du etxegabetzea “atzeratu”, baina ez “geldiarazi”. Era berean, kritikatu du hedabide baten bitartez jakin dutela informazio hori, eta Testaren aldetik ez dutela inolako jakinarazpenik jaso. Hortaz, auzitegian jarraitzen du auziak, emakumeak lau hilabeteetan alokairua ez duela ordaindu argudiatuta. Plataformak argi zabaldu du bere mezua: Victoriaren eta antzeko egoeran dauden bizilagunen aurkako kaleratze eskaerak bertan behera uzteko aldarrikapena.
Garciak zuzenean interpelatu ditu erakunde publikoak, Eusko Jaurlaritza, zein Donostiako Udala, horrelako kasuetan duten arduragatik. Protestaren ostean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan idatzi bat aurkeztu dute, hain zuzen, “SOCIMI eta funts putreekiko prebentziozko protokolo bat” abian jartzeko eskaera bat. Plataformakoek ohartarazi dute Victoriaren kasua ez dela bakarra, eta baieztatu dute protokolo batek kaleratze eskaerak saihesteko balioko lukeela. Gogora ekarri dute, joan den martxoan, Bentaberriko beste bizilagun baten kasua, Txomin eta bere familiarena. Hain zuzen, plataformaren esku-hartzeari esker, etxegabetzea gelditzea lortu zuten.
Andia kaletik udaletxera eraman dute protesta. Alkatetzarekin bilera bat egiteko hitzordua zutela jakinarazi dute plataformakoek, Victoriaren kasuan esku-hartzeko eskatzeko. Garciak gogorarazi du 2015ko irailean udalak Donostia banku eta inbertsio funtsek bultzatutako kaleratzerik gabeko hiria izendatu zuela, eta udalari exijitu diote hori betetzeko “neurri errealak” gauzatzeko.
Azaroaren 8ko kaleratze agindua atzeratzea “berri ona” dela aitortu du Garciak, eta gaineratu du plataformak eta Alokairuk borrokan jarraituko dutela Bentaberriko fede oneko zordunen kaleratzeak gelditzeko. Amaitzeko, gogorarazi dute Bentaberriko babes ofizialeko etxebizitzak “arriskuan” daudela, izan ere, 90eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak EAB (enpresen aldi baterako batasuna) eraikitzailearekin sinatutako kontratuaren arabera, 2028an promozioaren etxeen eskumena EBAren eskuetan geldituko da, eta ondorioz, alokairuaren prezioak liberalizatzeko «askatasun osoa» izango du enpresak. «Gaur egun 800 euro inguruko alokairua 1.300 eurora igo daiteke, merkatuaren prezioen araberako kuotak jarriko dituzte eta», salatu du Garciak.