Daniel Zulaika izango da Hiriko Gizarte Kontseiluaren presidentea
Atzo udaletxean egindako osoko bilkuran izendatu zituzten Hiriko Gizarte Kontseiluaren lehendakaria, lehendakariordea eta Batzorde Iraunkorra. Daniel Zulaika izango da lehendakaria, eta Pilar Lekuona lehendakariordea. Donostiako Udalak jakinarazi du hurrengo saioan hautatuko dituztela Plan Estrategikorako Lan Batzordeko bi ordezkariak.
Daniel Zulaika Euskal Autonomia Erkidegoko Hiesaren Aurkako Planaren koordinatzailea izan zen, eta 2014. urtean Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen. Udalaren arabera, Hiriko Gizarte Kontseilua da “hiriko aholkularitza-organo gorena”.
Lekuona, aldiz, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko kidea da, eta 2004. urtean jaso zuen Hiritar Merezimenduaren Domina. Bi kargu horiez gain, Batzorde Iraunkorreko hamahiru kideak hautatu zituzten atzo: Merkataritza kontseiluko ordezkaria, Tabakalerako ordezkaria, Donostia Turismoko ordezkaria, Miren Aranzazu Fernandez (Loiolako Erriberako Auzo Elkarteko kidea), Agustin Erkizia (EHUko kidea), Ricardo Diez (Donostia International Physics Center-eko kidea), Ingurumen Kontseiluko ordezkaria, Ainhoa Arrillaga (Matia Fundazioko kidea), Fernando Diez (Bera Bera Rugby Taldeko kidea), Emakumeen Kontseiluko ordezkaria, Igor Gonzalez (Dbuseko kidea), Gizarte Ekintza Kontseiluko ordezkaria eta Maria Arzallus hiritarra.