Gau beltza ospatuko dute Parte Zaharreko Kijera gaztetxean
Azaroaren 1a da Santu Guztien Eguna, eta bezperan, urriaren 31n, ospakizunak egin ohi dira munduko hamaika txokotan: Gau beltza, Arimen gaua, Halloween… Parte Zaharreko Kijera Gaztetxean “Arimen gau beldurgarria” egingo dute bihar, eta gaztetxekoek hainbat jarduera antolatu dituzte. Haurguneko familiak izango dira protagonistak, baina auzotar guztientzat zabaldu dute festan parte hartzeko gonbidapena.
17:00etan hasiko dute jaia, eta Haurguneko “armairu kolektiboa” zabalduko dute, nahi duenak mozorrotzeko aukera izateko. 17:30ean askaria egingo dute, eta antolatzaileek bizkotxoa, gailetak zein fruta eramateko eskaera egin dute. 18:00etan sorgin dantzaren entsegua egingo dute, eta, ondoren, 18:30ean ipuin kontaketa antolatu dute. 19:00etan kalera aterako dira, eta Plaza Berrira (Konstituzio plazara) joango dira kalejiran. Han mozorroen desfilea eta dantza egingo dituzte.
Jaiari amaiera emateko, “pizza-pote beldurgarria” egingo dute Gaztetxean.