Agifesek VI. Zinema eta Buru Osasuna zineforuma antolatu du
Seigarren urtez Zinema eta Buru Osasuna zineforuma antolatu du Agifesek, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak. Proiekzioak egingo dituzte azaroko astelehen guztietan, eta 19:30ean izango dira, Principe zineman.
Agifesek bi zinema ziklo antolatzen ditu urtero, eta antolatzaileek balorazio positiboa egiten dute: “jende ugari erakartzen dute”. Horietako bat beti Donostian egiten dute, eta bestea ibiltaria izaten da, “Gipuzkoako eskualde guztietara iristeko”. Zure harremanik zailena sentsibilizazio kanpainaren barruan antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen, eta bereziki depresioaren, ezagutza zabaltzea.
Saioak azaroaren 4an, 11an, 18an eta 25ean izango dira, eta sarrera doakoa izango da; gonbidapenak zinemako leihatilan bertan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, astelehenetik aurrera. “Ikusleek, pelikularen ondoren burutuko den solasaldian parte hartzeko aukera izango dute, filmaren mezuan sakontzeko”, azaldu dute antolatzaileek.
Azaroaren 4an hasiko dute zikloa, Barbra Streisand-ek zuzendutako El principe de las mareas filmarekin, eta depresioaren eta suizidioaren inguruan gogoeta egiteko aukera zabalduko du. Hilaren 11an, aldiz, Las horas zintaren txanda iritsiko da, euren bizitzari zentzua ematen saiatzen diren garai ezberdinetako hiru emakumeren drama estatubatuarra. Hirurek Virginia Woolf-en Mrs. Dalloway eleberriarekin lotura daukate. Lars y una chica de verdad pelikula izango da azaroaren 18ko saioaren ardatz, gizon bakarti batek panpina batekin duen maitasun istorioa. Zikloari amaiera emateko, Que nadie camine por mi mente con los pies sucios antzezlana proiektatuko dute 25ean.