Kikarakada proiektua sortu dute, haur errefuxiatuei laguntzeko
Galder Izagirre argazkilariak sortu zuen haur errefuxiatuei laguntzeko Kikarakada proiektua, eta Gaztezuloko Gaizka Izagirreren eta Zaporeak proiektuko Oraitz Garciaren laguntzarekin aurrera eraman dute Euskal Herri osoan. Antolatzaileek azaldu dutenez, “txokolatea da munduko edozein haurri falta beharko ez litzaiokeen gozamenerako elikagai unibertsala”, horregatik, proiektuaren helburua da “Greziako Lesbos uhartean dauden eta txokolatez zipriztintzeko aukerarik ez duten haur errefuxiatuei hezkuntzarako azpiegiturak lortzeko baliabide ekonomikoak eskuratzea, eta bide batez, txokolate kikarakadak bidaltzea”.
Kikarakada izenburua izango duen liburu bat argitaratuko dute, non askotariko arraza, jatorri eta koloreko haurren argazkiak egongo diren, txokolate katilukada batez gozatzen. Gainera, Euskal Herriko hainbat musikarik, idazlek eta bertsolarik hartu dute parte egitasmoan, testuak idatziz, hala nola, Ane Irazabalek, Harkaitz Canok, Fermin Muguruzak, Miren Amurizak, Pello Reparazek, Ilaski Serranok, Xabier Madariagak, Kike Amonarrizek, Itxaro Bordak, Jon Maiak, Martxel Mariskalek eta Laura Mintegik. Bestalde, Joseba Arguiñano, Anne Otegi, Vanessa Blazquez, Andoni Luis Aduriz, Pedro Subijana, eta Juan Mari eta Elena Arzak sukaldarien errezetak ere egongo dira, besteak beste.
Kikara laranjak sortu dituzte, salbamendu-txalekoen kolorearekin zuzenean lotuz, horien salmentarekin liburu horren ekoizpen gastuak finantzatzeko. Ondoren, Euskal Herriko eta Greziako Moriako errefuxiatu kanpamenduko haurren argazkiekin eta aipatu testuekin liburua salgai jarriko dute Elkar dendetan. Liburuen salmentarekin lortutako diru guztia Pikpa eta Refugee 4 Regufees erakundeei bideratuko diete, Greziako Lesbos uharteko haur errefuxiatuen hezkuntza laguntzeko.
Horretaz gain, Kikara 0 kanpaina abian jarri dute, proiektua diruz lagundu nahi duen enpresa, erakunde edo norbanako guztientzat. Horretarako, kontu korronte bat ireki dute, Kikarakadaren webgunean ikus daitekeena, hor dirua sartzeko. Gainera, proiektua laguntzen dutenen izena, logoa edo aipamena webgunean agertuko da.