Loiola Apain programa asteburuan borobilduko dute
Udaberrian hasitako Loiola Apain programa asteburu honetan, igandean, bukatuko dute, eta auzoko kaleetan egin dituzten zazpi horma-irudiak egongo dira ikusgai. Hamargarren eta azken Olatu Talka jaialdian hasi zuten programa, artearen bidez auzoko hainbat gune balioan jartzeko helburuarekin.
Alde batetik, “adopzioz loiolatarrak” diren hiru artistak horma-irudiak egin dituzte auzoan; Bartzelonako Marcos Navarrok, Danimarkako Allan Daastrupek eta Erresuma Batuko Stepehn Webbek, hain justu. Bestetik, Donostiarekin harremana duten bi estudiotako artistek ere obrak egin dituzte, Bartzelonako Reskate estudioko Maria Lopezek (Donostia) eta Javier de Ribak (Bartzelona); eta Bilboko Gora estudioko Iciar Nietok (Donostia) eta Miguel Atutxak (Bilbo), hain zuzen. Azkenik, NKDM artista frantsesa ere Loiolan aritu da.
Olatu Talkan bertan egin zituzten beraien horma-irudiak Marcos Navarrok eta Javier de Ribak, eta udaberrian NKDMren eta Stephen Webben txanda izan zen. Azken hilabetean, Gora estudioaren eta Allan Daastrupen obrak egin dituzte, eta asteburuan bukatuko dute egitasmoa, Reskate estudioaren lanarekin eta Daastrupen lanari azken ukituak emanez. Antolakuntzak azaldu duenez, “auzotarrek harrera oso positiboa egin diete lanei eta dagoeneko auzoaren kultur bereizgarri berri bat izateaz gain, nortasun ezaugarri eta harrotasun arrazoi direla onartzeko orduan adostasuna agertu dute”.