Parte Zaharreko Izar gozo-denda itxiko dute
1949an zabaldu zuten Izar gozo-denda, eta 70 urteren ostean, urtarrilean itxiko dute. Hortensia Izar de la Fuente izan zen saltokiaren sortzailea, eta egun hamahiru langilek osatzen dute lan-taldea. Parte Zaharrean ez ezik, hiri osoan ezaguna eta miretsia da gozo-denda, urtetan eskainitako produktu artisauen kalitatea dela eta. Saltokiaren arduradunek hedabide honi adierazitakoaren arabera, oraindik ezin dute zehaztu itxieraren inguruko xehetasunik.
Egunkari batek zabaldutakoaren arabera, jabeek 27. industrialdean duten gozogintzako lantokia mantentzeko asmoa dute. Gainera, hedabidearen arabera, salmentak Internet bidez egiteko aukerak aztertzen ari dira. Ustez, gozogintzako produktuen salmenten beherakadak eragin du hein batean ixteko erabakia, baita langile batzuen etorkizun hurbileko erretiroak ere. Izar gozo-dendaren lokalaren jabegoa aldameneko Barandiaran taberna itxi berriaren berdina da, eta proiektu berri bat tramitatzen ari dira udaletxean.