Polloe, Donostiako historia eta arte museoa
Udaren amaierarekin eta heriotzarekin lotutako ospakizunak egingo dira egunotan, eta hilerriak inoiz baino biziago eta koloretsuago egongo dira. Polloekoa Gipuzkoako nekropoli handiena da, eta hemen aurki daitezke Donostiaren historia ulertzeko gako asko. Hilerriak bisita gidatuak egiten ditu hilean behin.
Hilerriak inoiz baino ederragoak izango dira egunotan, loreen usain eta kolorez beteko dira eta. Hauek bisitatu eta ezagutzeko momentu ona da. Polloe hilerriak, adibidez, hilean behin bisita gidatu bat antolatzen du. Helburua da herritarrek Gipuzkoako nekropoli handienaren historia ezagutzea, eta barruan gordetzen duen ondare artistikoa ezagutzea.
Oh My Walkeko Leonor de Landia da bisita hauen gidaria, eta ordu eta erdiko ibilaldian zehar, hildakoen hirian sakonean murgiltzeko informazio interesgarria ematen du, ez baita gauza bera Polloe ikustea eta Polloe ezagutzea.
Bisitaria konturatuko da, hilerria ezagutzearekin batera, Donostiaren historia ulertzeko gako asko izango dituela, eta espero ez dituen gauzak topatuko dituela. 1877an eraiki zuten Polloe (lur hauetan zegoen baserri bati zor dio bere izena), Donostia zabaltzen ari zen garaian. Jose Goikoa arkitektoak diseinatu zuen.
Sartu eta berehala, atean dagoen mezuak, gogoraraziko dio bisitariari, hilerrian daudenak bezala, hil egingo dela: Laster esango da zuengatik esaten oi dana orain gugatik: Il ziran! Eta horrelako esaldi eta elementu sinboliko asko aurkituko ditu kanposantuan. Lehen begi kolpean ikusten ez diren sinboloak dira, baina begirada zorroztuz gero, hilobietan ikus daitezke. De Landiak lagunduko dio bisitariari hauek identifikatzen. Naturarekin eta animaliekin lotutakoak daude, adibidez. Aingeruak ere bai badaude, eta denek ez dute gauza bera irudikatzen.
Hildakoen hiriaren barruan bi kale luze eta zabal aurkituko ditu sarreran. Hemen inguruan daude hilerriko panteoi eta hilobi ikusgarrienak. XIX. mendeko Donostiako herritar aberatsenenak eta boteretsuenenak dira. Satrustegi familia, Lasala, Luzuriaga… Eta Polloeko hainbat hilobi egin zituzten marmolgileenak ere bai. Askok kaperak eraiki zituzten, euren hilobiak eliza baten barruan babestu nahian, lehen egiten zen moduan, eta neogotiko estilokoak dira asko, garaiko Artzain Onaren katedrala bezala.
Gurutzeak, euskal disko formako estelak, aingeruak, marmolezko panteoi ikusgarriak, jende ezagun askoren hilobiak…Udalaren webgunean bertan ikus daitezke hilerriko gune garrantzitsuenak. Polloek ondare zabala gordetzen du bere lurretan, eta merezi du bisita gidatua egitea.