Alemaniako kanoiak Ulian
Itsasotik gertu dauden mendiak garrantzitsuak izaten dira guduetan. Uliak funtzio garrantzitsua bete zuen 36ko gerran, eta hori erakusten dute han eraikitako bateria eta gotorlekuek.
Espainiako armadak kanoien bateria bat eraiki zuen Ulia mendian, 1937an. Eraikuntzaren helburua izan zen 36ko gerran Pasaiako portua babestea. Egituraren elementu nagusiak dira lau artilleria-kokaleku, eraikin nagusia eta tiro-zuzendaritzarako Animetako puntako bunkerra. Egun, guztiek zutik jarraitzen dute, baina sasitzan ezkutatuta daude, eta, hortaz, zaila da horiek ikustea. Bateria horrekin batera, Monpasko Gipuzkoako Aldundiaren bateria eta Almirantearen gotorlekua ere aurkitu ditzakegu Ulian, baina azken bi horiek erortzear daude. Gainera, Mirakruzeko gotorlekuaren hondarrak ere kontuan hartu behar dira; egun etxebizitza pribatu baten lursailetan daude, eta, hortaz, ez dira erabilera publikokoak.
Itsaspekoetatik Uliara
Espainiako armadak alemaniar jatorriko kanoi sorta bat jaso zuen 1937an; zehazki, 15 zm-ko Krupp K L/45 motako hamabi kanoi jaso zituen. Aurretik, Alemaniako armadak erabili zituen, itsaspekoetan eta torpedo-ontzietako arma gisa. Hamabi kanoi horietatik lau Pasaiako portuaren defentsarako adjudikatu zituzten, eta Ulia mendiaren itsas-isurialdean kokatu zituzten, Animetako punta gunean. Bateria martxan egon zen 1937ko otsailetik 1938ko apirilera bitarte.
Juan Antonio Saez Garciak, INGEBA Euskal Geografia Elkargoko kide eta Historian doktoreak, bateriari buruzko ikerketa bat argitaratu zuen 2018an. Adituaren ustez, bateriak ez du balio artistikorik, eta ingeniaritzari dagokionez ez du interes handirik ezta ere. Hala ere, historiari begiratuta, «nolabaiteko garrantzia» du, 36ko gerran izan zuen paperagatik, baita bateriaren pieza garrantzitsuenak ziren kanoien jatorriagatik ere.