Aritz Moreno donostiarraren 'Ventajas de viajar en tren' filmak itxiko du Beldurrezko Astea
Donostiako 30. Fantasiazko eta Beldurrezko Asteak gaur esango du agur, 20:00etan Antzoki Zaharrean egingo duten bukaera ekitaldiarekin. Aritz Moreno donostiarraren lehen film luzea den Ventajas de viajar en tren filma proiektatuko dute, eta filmaren aurkezpena egin dute gaur goizean.
Jaialdia “El hoyo (Galder Gaztelu-Urrutia, 2019) eta Ventajas de viajar en tren Euskal Herriko bi filmekin ireki eta ixteagatik” pozik azaldu da Josemi Beltran Beldurrezko Astearen zuzendaria. Leire Apellaniz ekoizleak Luis Tosar, Pilar Castro eta Quim Gutierrez aktorrek filmean egin duten lana nabarmendu du, Gutierrezena bereziki azpimarratuz: “Berak nahi zuelako egin zuen pertsonaia hori, nahiz eta ez den normalean egiten duena, eta emaitza oso ona izan da”. Antonio Orejudo idazlearen nobelaren adaptazioa da filma, eta Apellanizen arabera, “horrela imaginatzen nuen nire liburua”, esan zuen Orejudok filma ikusi zuenean. Horregatik, emaitzarekin bereziki pozik agertu da ekoizlea: “egin behar genuena egin dugu”. Horretaz gain, filmaren lokalizazio guztiak Donostiatik hurbilekoak direla nabarmendu du Apellanizek.
Javier Godino aktoreak adierazi du filmean parte hartzearekin “oso harro” dagoela, eta Morenok aktoreei uzten dien askatasuna nabarmendu du. Era berean, “oso film modernoa” dela azaldu du, “garaira aurreratua”, eta bakoitzaren “muga moraletara” eramaten duena. “Film anarkista bat da, espiritu iraultzaileduna”, gaineratu du Godinok. Iñake Irastorza ere filmean lan egin izanarekin “oso harro” agertu da, eta filma “lan bikain bat” dela nabarmendu du.
Massielen abestia
Massiel abeslariaren El amor abestiak filmeko sekuentzia garrantzitsu bat laguntzen du, izan ere, Apellanizen arabera, Morenok abestia irratian entzun zuen, eta filmaren une horretarako behar zuela ikusi zuen. Ikusleen artean zegoen Massiel goizeko prentsaurrekoan, eta azaldu duenez, hain abesti zahar bat –36 urte ditu abestiak– gaur egungo film batean erabiltzean “bizirik” sentiarazten du. Era berean, abestia filmari ondo datorkiola nabarmendu du: “Abestia oso arraroa da, ni ere bai eta filma ere bai”.
Gaurko proiekziorako sarrerak agortuta badaude ere, filma zinema aretoetan ikustera gonbidatu ditu Apellanizek, hilaren 8an estreinatuko baitute zinema aretoetan.