Cristina Iglesiasen eskultura, amaierarik gabeko prozesua
2017ko apirilean aurkeztu zuten Cristina Iglesias artistaren eskultura Santa Klara irlako itsasargian egiteko proiektua, eta urriaren 7an hasi zituzten egokitzapen lanak. Proiektuak ondarearen eta ingurumenaren auzia mahaigaineratu du, eta hainbat erreakzio sortu ditu.
Cristina Iglesias artista donostiarrak Santa Klara irlako itsasargian Kontxako badiako hondoa artistikoki irudikatuko duen eskultura bat egingo du. Duela bi urte eta erdi proiektua aurkeztu zuenean, bere sorterriari lana dohaintzan eman nahi ziola esan zuen 2016ko Urrezko Danborra jaso zuen artistak. Ordutik, bide luzea egin du proiektuak.
Pasaiako Portu Agintaritzarena zen itsasargiaren kudeaketa. Beraz, eraikinaren lagapena eskatu zuen Donostiako Udalak iazko irailean, 50 urtekoa, hain justu. Itsasargiaren oinarrizko proiektua egin zuen orduan Jabier Lekuona arkitektoak, eraikina hustea eta eskultura egiteko lau metroko sakonerako ontzi bat egitea aurreikusiz; 273.000 euroko aurrekontua zehaztu zuen udalak orduan. Eraikinaren lagapena gehienez sei hilabetean jasotzea espero zuen udalak, horrela, aurtengo maiatzean hustuketa lanak hastea, irailean eskultura jartzeko. Lagapen hori, ordea, ez zen aurtengo apirilera arte iritsi; 30 urteko lizentzia adostu zuten orduan udalak eta Pasaiako Portu Agintaritzak, 5 urtez luzatzeko aukerarekin. Bitartean, iazko azaroan, Iglesiasen eskulturaren maketa aurkeztu zuten.
Lagapenaren atzerapen hori dela eta, itsasargiaren eraikinaren hustuketa lanak uda pasa ondoren hasteko erabakia hartu zuen udalak, eta eskultura fabrikatu eta instalatzeko 1,4 milioi euroko kontratua onartu zuen ekainean. Ordutik, ez dira gutxi izan interbentzio artistikoaren inguruan kezkak azaldu dituzten eragileak. Hala nola, Eguzki talde ekologistak irailean eskatu zuen eskulturarengatik irlako bisiten maiztasuna ez areagotzea. Bestalde, irla babesteko eskatu zuten abuztuan Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Ekologistak Martxanek eta Bizilagunekin plataformak, eta pankarta erraldoi bat zabaldu zuten hainbat ekintzailek itsasargian.
Aurrekontua bikoiztu da
Helikoptero bidez garabiaren piezak irlara eraman ondoren, urriaren 7an hasi zituzten itsasargia husteko lanak, eta horretan jarraitzen dute. Aste honetako Tokiko Gobernu Batzordean, aldiz, proiektuaren aurrekontua 1,5 milioi eurotan handitzea onartu zuten. Igoera hori salatu dute EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek, eta obra gelditzeko eskatu dute. Era berean,ingurumen inpaktuaren eta itsasargiaren ondarearen gaiak mahaigaineratu dituzte bi alderdiek, eta hiru plan berezi garatzeko eskatu diote udal gobernuari: Ingurumen plan bat, itsasargiaren industria ondarearen plan bat eta plan ekonomiko bat.